Euskal presoak

Errepideetara eta hondartzetara eramango du presoak Euskal Herrira ekartzeko eskaera Etxeratek

Etxeratek gaur iragarri duenez, presoak Euskal Herriratzeko eskaria errepideetara eta hondartzetara eramango dute hurrengo bi asteburuetan. Hain zuzen ere, uztailaren 31an giza katea egingo dute errepideetako gune nagusienetan, eta abuztuaren 8an giza katea Euskal Herriko hondartzetan. Urtero egiten dituzte ekimen horiek; aurten ere eguerdiko 12:00etan egingo dituzte bata zein bestea.

2004ko uztailaren 27a
18:44
Entzun
Urtero legez,euskal presoak Euskal Herriratzeko eskaria errepideetara eta hondartzetara eramango du Etxeratek aurten ere. Iragarri duenez, Euskal Herriko errepideetako gune nagusienetan giza katea egingo dute uztailaren 31an eta abuztuaren 8an Euskal Herriko hondartzetan egingo dituzte giza kateak.

Etxerateko kide Saioa Agirrek eta Maider Bengoak eskainitako prentsaurrekoan aurten sakabanaketak eta espetxe politikak hil dituen lau euskaldunak gogora ekarri dituzte. Izan ere, Saioa Agirrek esan duenez, "Madrilgo eta Parisko Gobernuek gure aurka daramaten politika hiltzaileak" Sara Fernandez preso baten laguna, beste preso baten senide Leo Esteban eta bi euskal preso, Kepa Miner eta Ohiane Errazkin, hil ditu aurten.

Bestalde, Frantzia eta Espainiako kartzeletan "ondorio ezin larriagoak eragiten ari den Guantanamizazio" prozesu bat ematen ari dela salatu du Etxerateko kideak. Izan ere, "euskal gizartearen eta euskal preso politikoen arteko komunikazio bide guztiak ixten eta kartzeletako bizi baldintzak" jasanezin bilakatzen ari direla azpimarratu du Saioa Agirrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.