Mendiko erreskateak. EuskoJaurlaritzaren egitasmoa

Erreskateak, maldan gora

Udatik aurrera, abentura kirolak egiten dituzten kirolariei eta zuhurtziarik gabeko mendizaleei erreskatea ordainarazteko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Mendizale eta kirolari guztiak ez daude ados neurriarekin.

mikel lizarralde
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Asteburua iritsi eta mendian gora abiatzen diren 60.000 mendizale inguru daude gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Pirinioetako, Alpeetako edo Europako Mendietako gailurretara bai, baina batik bat etxetik hurbil dituzten mendietara joaten direnak: Aizkorri, Anboto, Hernio, Gorbeia, Txindoki... Mendigoizale baino gehiago, mendizaleak. Euskal herritar askorentzat mendia bizimodu dela erakusten duten adibideak.

Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak otsailaren hasieran aurkeztutako txosten batek datu adierazgarriak biltzen ditu. 1996tik hona, larrialdietarako operatiboa bi egunetik behin jarri behar izan dute martxan. 1.471 erreskate egin dituzte, eta galdutako pertsonen bila 1.219 aldiz atera dira. Erreskate eta bilaketa guztiak ez ziren mendian izan, baina batzuk bai.

Beste datu bat ere eman zuen Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Urtero-urtero 3 milioi euroko gastua egiten da salbatzeko eta bilatzeko lanetan. Horri aurre egiteko asmoz, eta aurretik beste administrazio batzuek —Kantabriako erkidegoak (Espainia) eta Kataluniak— irekitako bideari jarraituz, Jaurlaritzak erreskateak ordainaraziko dizkie, ekainetik aurrera, «zuhurtziarik gabe» aritzen diren mendizale eta kirolariei. Eusko Legebiltzarrak oraindik onartzeko dauka tasen legea, baina hori onartu bezain pronto, erreskate operazio baten gastuak finkatuta geratuko dira. Irteera batean parte hartuko duen pertsona bakoitzeko 37 euro ordainduko dute ordua, eta helikoptero batek 2.200 euroko kostua izango du orduko. Salbamendu batzuetan gastua 5.000 eurotara ere irits daitekeela ondorioztatu du Jaurlaritzak.

Datuak datu, horien irakurketa «azalekoa» egin dela uste du Txomin Uriarte Euskal Mendizale Federazioko presidenteak. «Jarduera horietatik ia erdiak ez dira erreskateak, bilaketak baizik. Eta gehienetan ez dira mendizaleak. Arrisku izaerarik ezduten jarduerak egiten ari diren pertsonak dira: paseatzaileak, perretxikotan dabiltzanak... Erreskateen %70, pertsona horiei dagozkienak, Osakidetzaren garraiobideen bidez egiten dira. Ertzaintzak eginiko operazioak 420 dira guztira».

Jaurlaritzaren egitasmoak zuhurtzia faltaz hitz egiten du. Baina zer da zuhurtziarik gabe jokatzea? Kataluniako adibideak erakusten du kasu askotan oso zaila dela mendizale batek zuhurtziarekin edo gabe jokatu duen jakitea. Edo erabakitzea. Ondorioz, Kataluniako Generalitateak fakturak bidaltzen ditu erreskatearen kostua zehaztuz, baina ordainketa ez da praktikan egiten.

EAEn, berriz, «objektibatu» egin nahi dituzte erreskatea ordaintzera behartuko dituzten egoerak, Raul Fernandez Arroiabe Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuordeak adierazi duenez. Horrela, abentura kirol gisa definitutako jardueretan (zubi jauzia, eskalada) aritzen den norbait erreskatatuz gero, horrek ordaindu egin beharko du erreskatea. Baldin eta federatuta ez badago. «Abentura kirolek, izenak adierazten duen moduan, arrisku bat dute, eta nahi dugu kirol horiek egiten dituztenak federa daitezen. Horrela, beste abantaila batzuen artean, aseguru baten babesean ari daitezen», dio Fernandez Arroiabek.

Beste «datu objektibo» bat ere azpimarratu du sailburuordeak erreskatea ordaindu behar izateko arrazoi gisa: administrazioek alerta laranja edota gorria ezarri izana. «Administrazioak abisua eman badu, eta norbaitek abisu horri kasurik egin ez eta haren bila larrialdietarako zerbitzu bat bidalarazi behar bada, ulertzen dugu zuhurtzia falta agerikoa egin duela».

Federazioa, aurka

Mendizaleen artean askotarikoiritziak eragin ditu Eusko Jaurlaritzaren asmoak. Eta Euskal Mendi Federazioak, adibidez, zehaztapenak eginez bada ere, kontrako jarrera agertu du. Txomin Uriartek argitu du hori «eztabaida zaharra» dela. «Baina printzipio orokor gisa, ez zait egokia iruditzen tasen lege batean mendiko erreskateen ordainketa jasotzea, hori ez baita saihestu nahi diren arazoak konpontzeko bidea». Jose Antonio Garai Bilboko Juventus mendizale taldeko presidenteari, aldiz, ez zaio «gaizki» iruditzen salbatzeko lanak kobratzeko ideia, «gaur egun gehiegizkoa delako salbamendu taldeek jasotzen duten laguntza eskaera kopurua. Edozein txikikeriagatik laguntza eskatzeko deitzen da».

Jaurlaritzaren datuek diote hamabost urtean bikoiztu egin dela salbatzeko eta bilatzeko lanen kopurua. Fernandez Arroiabek dio gero eta gehiago direla mendian ibiltzen diren pertsonak, baita abenturarekin lotutako turismoa egiten dutenak ere. Uriarte ados dago, baina «modaren arriskuak» ere aipatu ditu: «Komunikabideek abenturazko jarduerak egitera bultzatzen dute jendea, ekintza xumeak eta edonork inolako prestakuntzarik gabe egiteko modukoak direla esanez».

Horri gehitu behar zaio sakelako telefonoen kopurua «izugarri» handitu dela, sailburuordeak dioenez: «112 telefonora deitu eta berehala daukazu larrialdi zerbitzuekin harremanetan jartzeko aukera. Egoera konplexua da, bi egunetik behin dei bat jaso eta norbaiten bila goazelako».

Uriarteren iritziz, bereizi egin behar dira erreskateak murriztu nahia eta istripuak murriztu nahia. Erreskateei dagokienez, uste du ez luketela berdin jokatu behar 112 zenbakian jasotzen dituzten dei guztiekin: «Edozein arazo txikiren aurrean deitu egiten du jendeak, baina mota horretako deiak telefono bidez emandako oharren bidez konpontzen dira. Larrialdietako zerbitzuek zorrotzago jokatu beharko lukete dei horiek balioesterakoan, motiborik gabeko deiak saihesteko».

Datuek diote mendiko erreskate operatibo gehienak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako mendi eta mendilerro garaienetan egiten dituztela: Aizkorri, Anboto, Gorbeia... Garairen iritziz, horietako batzuetara «prestatutako jendea eta hain prestatuta ez dagoena» igotzen da, eta horrek ondorioak ditu: «Gorbeiara eta Aizkorrira jende ilarak igotzen dira sasoi batzuetan, asteburuetan, eta normala da horien artean egoki prestatu gabeko jendea ere izatea».

Erreskateak ordainaraztea baino egokiagoa zuhurtzia falta zigortzea izan daitekeela uste du Uriartek. Epaileek erabakitzea isuna ezarri behar den edo ez. Frantzian egiten den bezala: «Horren arabera, erreskatatuak izan direnek ez dute erreskatea ordainduko, baina zigorgarria den ekintzaren bat egin dutenek isuna ordaindu beharko dute. Arduragabekeriaz jokatu den kasu batean edota, batik bat, arrazoirik gabe erreskate lana abian jarri duen dei baten kasuan».

Federatzearen alde

Gauza batean bat datoz denak. Federatutako mendizaleen kopurua igotzea ona litzateke. Gaur egun 29.000 pasatxo dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eta mendian ohikotasunez ibiltzen direnak 60.000, Jaurlaritzaren arabera. Federatuta egoteak mendizaleari «babesa» ematen diola uste du Fernandez Arroiabek, «mendiari buruzko informazio osatuagoa izateaz gain, maite duen zaletasun hori aseguru baten babesarekin egin dezakeelako». Garaik ere uste du «mendian ibiltzen denarentzat egokiena federatzea» dela. «Aseguruak ez dira garestiak, eta babesa ematen dute». Federatzea «istripu gutxiago izateko» tresna izan daitekeela dioUriartek, «mendi klubekin harreman zuzena» izateko ez ezik prestakuntza ikastaroetan parte hartzeko aukera ere ematen diolako mendizaleari.

Jaurlaritza mendiko erreskate batzuk ordainarazten hasiz gero federatutako mendizaleen aseguruekin zer gertatuko litzatekeen ere ikusteko dago. «Aseguruak federatuen erreskate asko ordaindu beharko balitu, lizentziari dagokion kuota igoko litzateke», dio Uriartek, baina pentsatzen du horrek «eragin txikia» izango lukeela, «Euskadin egiten diren bilaketa eta erreskate gehienak federatu gabekoei zuzenduta daude».

Federatzeko deia egitearekin, mendizaleak eta kirolariak «aseguru baten babesarekin» aritzera bultzatu nahi dituztela dio Fernandez Arroiabek. Eta Jaurlaritzaren asmoek tarifetan ez dutela gehiegi eragingo pentsatzen du: «Baieztatu digute aurten ez dutela igoko aseguruaren prezioa. 2012an igo lezakete, baina pentsatzen dugu federatuen kopurua igotzeak erreskateen ordainketak ekar lekiokeen gastua orekatuko lukeela. Igoera oso txikia izango da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.