Emakumeen aurkako indarkeria

Errespetuan eta berdintasunean oinarritutako festak nahi dituzte Bilbon

Santutxu, Txurdinaga eta Otxarkoagako merkatarien elkarteek bat egin dute genero indarkeriaren aurkako protokoloarekin.

Maite Asensio Lozano.
2013ko abuztuaren 13a
13:11
Entzun

“Kalera atera, dantzatu, gozatu, ligatu... berdintasunean egin daiteke”. Emakumeekiko errespetua eskatu dute Bilboko Udalak, konpartsek eta merkatariek, zapatuan hasiko den Aste Nagusiari begira. Oihane Agirregoitia Berdintasun zinegotziak azaldu du “alkoholak eta gehiegikeriek” ezin dutela “aitzakia izan” erasoetan eta jarrera gogaikarrietan. “Emakumeak ez gara objektuak, beste pertsona batzuek ondo pasa dezaten”, zehaztu du konpartsetako bozeramaile Itziar Villafañezek.

Urtero bezala, genero indarkeriaren aurkako protokoloa indarrean izango da festetan. Bortizkeria horren kontrako indar metaketa gero eta zabalagoa dela nabarmendu du Agirregoitiak. Izan ere, udalarekin eta konpartsekin batera, zazpi merkatari elkartek hartuko dute parte aurten: Santutxuko, Txurdinagako eta Otxarkoagako taldeek bat egin dute aurreko urteetan Zazpikaleak, San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako merkatariek urratutako bidearekin. Bai beti da bai, ez beti da ez. Ukitu baiezkoan baino ez lelopean, 600 binilo, 60.000 txartek eta milioi bat ahozapi banatuko dituzte txosnetan, dendetan eta tabernetan.

Horrez gain, konpartsek gida txiki bat ere argitaratuko dute, talde feministen eta Gora Iruñearen laguntzarekin. Bertan, sexu erasoak zer diren eta halakoen aurrean nola jokatu azalduko dute: “Emakume zein gizonentzako tresna izango da, guztion jokabideak aldatu behar ditugulako”.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.