Osasuna

Erretrobirusen kontrako sendagaiak botiketan eskuratu ahal izateko bidea irekitzeko eskatu dute

Gehitu, Harri Beltza eta Euskalsida elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazialarien Kontseiluarekin ondutako proposamena da

arantxa iraola
2019ko azaroaren 18a
17:24
Entzun

«Asmoa ez da egungo kontrolak murriztea, baizik eta horiei eutsiz, pazienteei aukera erosoagoak eta eskuragarriagoak eskaintzea». Gaur goizean agerraldi bat egin dute GIBa duten pazienteen inguruan ardaztutako hainbat elkartetako ordezkarik EAE Euskal Autonomia Erkidegoko Farmazilarien Kontseiluko arduradunekin, eta erretrobirusen kontrako sendagaiak botiketan eskuragarri jartzen hasteko eskatu dute. Justuki, bidea urratzen hasteko asmoz, horretarako era emango lukeen probako egitasmo bat abiatzeko proposatu dute.

Izan ere, egun erietxera joan behar izaten dute GIBdunek botikak eskuratzera, eta horrek sendagaiak eskuratzeko modua «urritu» egiten duela uste dute. Ordutegi jakin batzuetan joan behar izaten dute, astegunetan bakarrik izaten dute horretarako era, eta etxetik urrun joan behar izaten dute zenbaitetan. Laneko martxan-eta ari diren pertsonentzat, zama handia da hori usu. GIBaren inguruko estigma ere oraindik bizirik dagoela gogorarazi dute, eta botikak behar bezala hartzeko eragozpen izaten dela hori ere zenbaitetan.

Sendagaiak botiketan lortzeko era eginda, ordea, traba horiek arindu egingo liratekeela pentsatzen dute. Portugalen, adibidez, antzeko egitasmo bat abian jarri dutela adierazi dute, emaitza onak eman dituela, eta eredu gisara har daitekeela. Bide honetan aurrera eginda, infekzioaren kontrako borrokaren helburuetara errazago hurbildu ahal izango dela oroitarazi dute. 90-90-90 estrategia deiturikoa da; birusa dutenen %90ek jakitea da asmoa, portzentaje horretatik %90ek tratamendua hartzea, eta tratamendua hartzen dutenen artean %90ek birusa atzemanezina izatea lortzea.

Eskakizun honen inguruan batu egin dira Gehitu, Euskalsida eta Harri Beltza taldeak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.