Urtarrilaren 2an sartuko da indarrean Hego Euskal Herrian 2005eko Tabakoaren Legea gogortzen duen lege erreforma, eta egunotan ugariak dira tabakismoaren inguruko batzuen eta besteen agerraldiak. Atzo Nafarroako Gobernuaren eta osasun arduradunen txanda izan zen, eta hainbat datu kaleratu zituzten Gosari Osasuntsuak ekimenaren barruan. Esaterako, datu baikortzat jo zuten gero eta gazte gutxiagok probatzen dutela tabakoa, zehazki: erretzen hasi ziren gazteen kopurua %23 gutxitu zen 2001etik 2007ra. Hala, 2001ean lau gaztetatik hiru (%74) hasi ziren erretzen,eta 2007an, erdia pasatxo (%51,6).
Bestalde, gero eta gehiago dira erretzeari utzi diotenak; izan ere, %7,4 gutxitu da erretzaile kopurua: 2001ean biztanleen %35,7 ziren erretzaile, eta 2007an, %28,3. Gaur egun lau nafarretik batek erretzen du, gutxi gorabehera. Erretzaile ohien ehunekoak %4,8 egin zuen gora epe tarte horretan, hau da, hasieran %16,7 ziren, eta gero, %21,5. Kopuru hori urtez urte handitzen ari dela nabarmendu zuten Nafarroako osasun agintariek; izan ere, euren arabera, gaur egun gehiago dira erretzeari uzten dioten herritarrak erretzen hasten direnak baino.
Ia lau milioi euroko gastua
Nafarroako Gobernuak erretzeari uzteko tratamendu farmakologikoa finantzatzen du 2003tik. Gaur arte mota horretako 54.285 botika finantzatu ditu, eta guztira 3.745.015 milioi euro gastatu ditu horretan.
Nafarroako Osasun Publikoa 1995ean hasi zen erretzeari uzteko programak bideratzen osasun sisteman. Aurrena Iruñeko Txantrea auzoan eta Tafallan hasi ziren, eta gero, emeki-emeki, gainerako osasun etxeetara zabaldu zuten. Gaur egun lehen arretako zentro guztietan ematen den oinarrizko zerbitzua dela azaldu zuen Isabel Martin Lehen Arretako zuzendariak.
Erretzaileei laguntzeko programak hiru jarduera mota aurreikusten ditu: aholku sistematizatua, banakako laguntza programatua, eta taldekako laguntza programatua. Lehen jardueran, kontsultetan tabakoa uzteko arrazoiez hausnartzen dute, erretzailearen mendekotasun maila neurtzen dute, pazienteak nahi izanez gero telefonoz egiten zaio jarraipena, eta, behar izanez gero, botikak ematen dizkiote. Mendekotasun mailaren arabera, banakako laguntza programatua ere jaso dezakete erretzaileek, eta laguntza hori erizainek ematen diete, batez ere abstinentzia sindromea arindu ahal izateko. Taldekako saioak ere egiten dituzte, eta saio horiek profesionalek gidatzen dituzte.
Maria Kutz Nafarroako Gizarte Gaietarako kontseilariak garrantzia eman zien halako programei, baina, batez ere, prebentzioan eta hezkuntzan jarri zuen arreta; debekuan ez hainbeste.
Erretzen hasi diren gazteen kopurua %23 gutxitu da Nafarroan urteotan
Azken hiru urteotan gehiago dira erretzeari utzi diotenak erretzen hasi direnak baino, gobernuaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu