Bilboko Erribera kaleko 13. zenbakian uztailetik okupatuta dagoen eraikina husteko agindua dauka Ertzaintzak, Erribera 13 proiektuko kideek jakinarazi dutenez. Atzo ertzainak joan zitzaizkien etxera, aginduaren berri ematera.
Gaur goizean hasi dira husten. Agindua 09:00etarako bazuten ere, 06:50erako hasi dira. Hainbat lagun elkartu dira eraikinaren inguruan, etxean direnei babesa adierazteko, eta Mesede kalea itxi dute ertzainek. Teilatura igo dira etxean zeuden zortzi gazteak, eta bertara joan zaizkie poliziak. 08:30 aldera aterarazi dituzte gazteak, eta txalo artean jaso dituzte kanpoan zeudenek.
Ertzaintzak atxilo hartu du eraikinaren kanpoaldean protestan ari zen neska bat, baina aske utzi du ondoren. 19:00etatik aurrera manifestaziora deitu dute Unamuno plazatik abiatuta, hutsaraztea salatzeko.
[Youtube]http://youtu.be/vtDWgfb4xLU[/Youtube]
Oraindik “zirriborroa” da Erribera 13 egitasmoa, baina azken asteotan hasia zen lehen hitzaldiak eta jarduerak hartzen. Izan ere, uztailean eraikina okupatu zutenetik, konpontze eta atontze lanak egin dituzte batik bat, barruko aldea suntsituta baitzegoen: eraikuntza enpresa batek erosia zuen, hotel bat egiteko asmoz, baina proiektua bertan behera geratu zen, eta alde egin zuen enpresak.
Erribera 13ren bultzatzaileek abenduan azaldu zutenez, gune “euskaldun, feminista, autoritatearen aurkakoa eta autogestionatua” izatea nahi zuten, baina egitasmo zehatzagoei buruzko proposamenen zain zeuden. “Metro koadro asko dauzkagu, bizitzaz, mugimenduz eta alternatibaz betetzeko zain. Eraikin honen potentziala gure borondateak, lanak eta parte hartzeak bultzatuko du”.