Atzokoarekin alderatuta, baretu egin da denboralea Bizkaian eta Gipuzkoan, baina orain Erriberarantz (Nafarroa) doa uholdeak izateko arriskua. Goizean euri gutxi eginda, uholde arriskua maila apalenean ezarri du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Hala ere, izan dira eraginak gaur ere: Irunen, horma bat erori eta bi etxe hutsarazi behar izan dituzte; Sestaon, harri bat erori da, eta errepide bat itxi dute; eta Hondarribian lur-jausi baten ondorioz kalteak izan ditu auto batek. Zarautz eta Getaria arteko errepide arratsaldean zabaldu dute —atzo itxi zuten—.
Nafarroan, larrialdi planaren lehen maila ezarri du gobernuak, eta elurra kentzeko hemeretzi makina prest dituzte. Elur-jausien arrisku maila garaiena ezarri du Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak. Seiehun metrotik gora elurra egitea espero dute. Funesetik igarotzen da, besteak beste, Arga ibaia; 16:00etan zen ordu kritikoa, eta alde zaharreko biltegi batzuetan sartu da ura. Parkeak urpean geratu dira, eta beste hainbeste gertatu da herri inguruetako baratzetan. Eskolarik ez dute izan, badaezpada.
Herrialde horretan, arratsaldeko lauretan, zazpi errepide zeuden moztuta denboralearen eraginez: NA-2012 errepidea Iratin, NA-140a Auritzen, NA-2011a Espartzan, NA-137a Burgi eta Izaba artean, NA-30a Landabenerako sarreran, NA-6140a Tafalla eta Miranda Arga artean eta NA-6120a Lerinen.
Bihar arte ez da amaituko denboralea. Goiza atzo baino lasaiago joan da; euri gutxi egin du, baina ipar- mendebaldeko haizeak zakar jo du, eta orduko ehun kilometroko haize ufadak izan dira. Arratsaldean, berriz, haizea baretu, eta euria erruz ari du. Haizeteengatik eta olatuengatik alerta horia eman dute gaurko. Pirinioetan, elur-jausiengatik eman dute alerta.
Bihar euri gutxi egingo duela iragarri dute metereologia zentroak. Hotz handia egingo du, ordea, eta izotzaren arriskuaz ohartarazi dute.
Gaua, bareago
Gauean, garaje batzuk hartu ditu urak Ergobian (Gipuzkoa), baina ez du kalterik eragin. Luiziak dira orain kezka nagusia; Azpeitiko Urrestilla auzoan (Gipuzkoa), bart 04:15 aldera, etxebizitza baten zati bat lurpean geratu da lur-jausi baten ondorioz. Aurrez euren kabuz irten dira hango bi lagun baserritik. Bizkaian, ibaiak bere onera etorri dira. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzaren krisi mahaia batzartu da gaur 11:00etan, Bilbon. Uholdeen aurkako plana indarrean mantentzea erabaki dute, nahiz eta mailarik apalenean ezarri duten.
Nafarroako Larrialdi Agentzia gertutik jarraitzen ari da Arga ibaia, hazi egin baita bart gauerdiaz geroztik —azken hamar urteetako ur maila handiena du—. Nafarroako gainerako ibaiak egonkortu egin dira.
Ipar Euskal Herrian, Errobi eta Aturri ibaiek gainezka egin dute hainbat tokitan.