Arabako Errioxako gaixoen artatzearen aferan, aste honetan erdietsiko dute akordioa Eusko Jaurlaritzak eta Errioxako Gobernuak, Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoaren ustez. Euskadi Irratian eginiko adierazpenetan, Bengoak azaldu du Jaurlaritzaren nahiz Errioxako Gobernuaren aldetik adostasunera heltzeko «oso borondate ona» nabaritu duela.
Eusko Jaurlaritzarekin akordio batera iristerakoan artatuko ditu Errioxak (Espainia) Arabako Errioxako gaixoak eta, hortaz, akordiorik ixten ez duten bitartean, ez dituzte zonalde horretako gaixoak Logroñoko erietxean artatuko. Hala ziurtatu du Jose Ignacio Nieto Errioxako Osasun kontseilariak. Espainiako erkidego horretatik gertu bizi direnen artatzearen afera konpontze aldera, Nietok azaldu du Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin negoziatzen ari dela, baina oraindik ez duela ez batekin ez bestearekin akordiorik erdietsi. Hala ere, adostasunera «edozein momentutan» hel daitezkeela esan du Nietok.
Logroñon egin zituen adierazpenok Nietok, atzo. Haren arabera, sailburuak bi hitzarmen ari dira adosten; behin-behinekoa lehenbizi, Arabako Errioxako gaixoen aferari irtenbidea emango diona; eta behin betikoa, bi erkidegoetako gobernuek osasun arloan izango dituzten harremanak zehaztuko dituena. Behin betiko hitzarmena lortzeko denbora gehiago beharko dutela aitortu du Nietok, baina Bengoari ohartarazi dio behin-behinekoa ezin dela «zatitu», eta, hitzarmena sinatu ondoren, bi gobernuek bere osotasunean bete beharko dutela.
Bengoa eta Nieto atzo ziren batzartzekoak, baina bertan behera utzi zuten bilera, igandean telefonoz negoziatu ondoren. Balizko akordio bat berresteko egin behar zuten atzoko bilera, baina adostasunik ezean, bilera bertan behera utzi zuen Bengoak. Igande arratsaldean helarazi zion Nietok Bengoari Arabako Errioxako eriak Logroñon artatzea jasotzen zuen proposamena; Bengoak ez zuen onartu, proposamena «nahikoa» ez zela iritzita. Nietok, ordea, esan du negoziatzeko «amaieraraino iristeko borondatea» dela beharrezkoa.
Nafarroako Gobernuarekin ere akordiorik itxi gabe jarraitzen du Errioxako exekutiboak. Hala ere, Nietok zehaztu du elkarrizketak «errazagoak» izan direla Nafarroako agintariekin, eta horiekin akordioa gertu ikusten duela gaineratu du.
Oiongo herritarrak, zain
Errioxako eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuek akordioa erdiesteko «zain» daude Oiongo (Araba) herritarrak, eta akordio hori laster lortzeko itxaropena dute. Hala esan du Ruben Garrido Oiongo alkateak. Garrido «ziur» da hitzarmena laster ailegatuko dela, eta horregatik, «pazientzia» eskatu die herritarrei.
Oraindik bi gobernuek hitzarmenik adostu ez badute ere, gatazkak «ondorio onak» eragingo dituela uste du Garridok. Izan ere, haren iritziz, bertakoak ez diren gaixoak artatzean «inflexio puntua» izango da Arabako Errioxako eriekin gertatutakoa. Gainera, PPk osatuko duen Espainiako Gobernuak osasun sistema «berrikusi» beharko duelakoan da Garrido, «guztientzat bakarra» izan dadin, eta ez «biztanlea bizi den erkidegoaren araberakoa».
Hitzarmena Txinarekin
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmena sinatu du Txinako Changzhou hiriarekin, osasun arloko ikerkuntzan eta berrikuntzan elkarlanean aritzeko. Hitzarmenaren bitartez mintegiak eta hitzaldiak antolatu, ikasleen eta ikerlarien egonaldiak sustatu, eta hainbat esperientzia trukatuko dituzte. Besteak beste, gaixo kronikoei eta lehen arretari buruzko informazioa partekatuko dute.
Errioxarekin ituna asteon ixtea espero du Bengoak, saio antzuak gaindituta
Hitzarmenik ezean Arabako Errioxako eriak Logroñon artatu gabe jarraituko dutela dio Errioxako Gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu