Etorkizuneko erronkei eta hedabideen negozio eredu aldaketari erantzuteko komunitate bat izatearen garrantzia nabarmendu du Martxelo Otamendik, BERRIA egunkariko zuzendariak. «Daukagun erronka handia da».
Komunikabideen mundua erabat aldatu da azken urteetan.
Urte askotan, gurea bezalako egunkari idatzietan papera izan da euskarri bakarra eta nagusia. Gaur egun, paperak adina indar dauka Internetek, eta, segur aski, etorkizun oparoagoa izango du. Orain artekoari eutsi eta bide berria irekitzea da gure erronka. Beti izan dugu garbi euskarazko egunkari bat beharrezkoa dela eta horrek behar duela era bereanwebgune sendo bat.
Krisi hotsa da nagusi.
Krisi larria dugu denok. Gure diru sarrera nagusiak salmentak (%51), publizitatea (%31) eta diru laguntza publikoak (%18) dira. Salmentei eutsi diegu, neurri handi batean harpidedunen fideltasunari esker. Publizitatean, aldiz, milioi eta erdiko diru galera izan dugu azkenengo bi urte hauetan, eta hori oso larria izan da guretzat. Diru laguntzetan ere jaitsierak iragarri dituzte.
Negozio ereduaren aldaketa aipatzen da behin eta berriz.
Komunikabideen negozio eredua aldatzen ari da. Orain arteko negozio eredua ezaguna da: komunikabideek daukagu albistea, hartzaileek dirua, eta dirua ematearen truke guk albistea saltzen dugu. Horrek ez du balio orain. Gaur egun, Internet da etorkizuna, baina Interneten oraingoz ez dago negoziorik.
BERRIA Taldeak komunitatea osatzearen aldeko apustua egin du.
Euskarazko komunikabideak sortu eta sustatzen jarraitzeko bidea emango digun negozio eredu berria topatzen dugun bitartean, guretzat garrantzitsua da trantsizio hori indarrez egitea. Horregatik uste dugu garrantzitsua dela komunitate bat sortzea,ez bakarrik dirua jartzeko, baita komunitatea osatzea ere. Abentura handia sortu zen herri honetan 1990ean Euskaldunon Egunkaria sortu zenean, baina orain daukagun erronka ere handia da.
Komunitate horrek sendotasuna emango dio proiektuari?
Behar dugu denon artean komunitate sendo bat sortu: ideiak emanez, proposamenak eginez, gure kide izanik. Uste dugu garrantzitsua dela etorkizunean gure produktu hauek, gure egitasmoak gorpuzteko eta oraindik argitu gabe dagoen etorkizun horretan modu sendo batez ibiltzeko talde sendo bat, komunitate sendo bat izateko. Beste keinu kolektibo bat egin dezagun, beste erabaki kolektibo bat hartu dezagun askoren artean.
Martxelo Otamendi. BERRIAko zuzendaria
«Erronka honek beste keinu kolektibo bat, erabaki kolektibo bat behar du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu