Osakidetzaren zerbitzuak jaso behar dituzten immigranteek errotuta daudela frogatu beharko dute arreta jasotzeko, baldin eta urtebete baino gutxiago badaramate Araba, Bizkai edo Gipuzkoan erroldatuta. Beste herrialde batzuetatik osasun arreta jasotzera etortzea oztopatu nahi du Eusko Jaurlaritzak era horretan.
Osasun Saileko ordezkariak udaletako eta diputazioetako teknikariekin eta alor horretan lan egiten duten taldeekin bildu ziren atzo, neurrion berri emateko. Etorkinei osasun arreta bermatzeko neurriak hartzen ari direla zehaztu zuen Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak. Pertsona guztiei, egoera irregularrean egon edo ez, osasun arreta bermatu nahi dietela azaldu zuen Fernandezek, baina zehaztu zuen ez dutela nahi erabaki hori medio beste erkidego batzuetatik etorkinak etorri Osakidetzan pilatzea.
Urtebete baino gutxiagoz erroldatuta zeuden etorkinei behin-behineko osasun txartel bat ematen zieten orain arte; aurrerantzean, osasun arreta jasotzeko eskubidea dutela aitortuko dien paper batzuk emango dizkie Osakidetzak. Horretarako, ordea, lan edo familia arrazoiengatik etorri direla erakutsi beharko dute etorkinek; alegia, «errotuta» daudela frogatu beharko dute.
Edozein kasutan, hiru hilabete baino gutxiagoz erroldatuta daudenek ez dute osasun arreta unibertsalik izango; turistatzat hartuko dituzte Osakidetzan. Larrialdietan artatuko dituzte, eta osasun txartel edo aseguru bat eskatuko diete, faktura kargatzeko.
Urtebete baino gehiagoz erroldatuta daudenei bai, osasun arreta mantenduko diela adierazi du Osasun Sailak.
Errotutako etorkinei emango diete osasun arreta
Erroldatuta urtebete baino gutxiago daramatenentzako osasun arreta zehaztu du Eusko Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu