EREPIDEAK

Errua ez daukate beti euriak eta errepideak

Asier Iturriagaetxebarria.
2003ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak egindako azterketaren arabera, 193 lagun hil ziren 2002. urtean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideetan, aurreko urtean baino bi gehiago. Zauritu larriak, ostera, 1.205 izan ziren, eta 8.775 zauritu arinak. Guztira, 22.276 istripu izan ziren, horietako %31n biktimak izan ziren. Nafarroan, berriz, 79 lagun hil ziren iaz errepidean, aurreko urtean baino %8 gutxiago. Era berean, biktimak izan ziren 415 istripu gertatu ziren Nafarroan 2002an. Hauexek dira, Ertzaintzaren arabera, istripuen arrazoiak azaltzen dituzten zenbait faktore:


IBILGAILUAK: azken urteetan etengabe egin du gora Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideetan ibiltzen den ibilgailu kopuruak. 2002ko abenduaren 31n 1.108.552 ibilgailu zeuden, aurreko urtean baino 25.562 gehiago. 1994. urtean, berriz, 825.000 ibilgailu zeuden. Beraz, igoera nabarmena izan da azken urteetan. Jakina, horrek istripu gehiago izatea ere ekartzen du. Bestalde, ibilgailuen egoerari buruz, esan behar da %60k hamar urte baino gutxiago zituela, eta %28k, berriz, lau urte baino gutxiago.

GIDARIAK:
2002. urtean 1.142.787 lagunek zeukaten gidatzeko baimena Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Horietatik %63,2 gizonezkoak ziren eta %37,8 emakumezkoak.

ISTRIPU KOPURUA
: 2001eko datuekin alderatuta, iaz istripu gutxiago izan zen Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Heriotzak eragin zituzten istripuak %3 gutxitu ziren 2002an, eta hildakorik gabeko istripuak %8 gutxiago izan ziren. Nafarroan, ostera, biktimak izan ziren istripuak 415 izan ziren 2002an, aurreko urtean baino %8 gutxiago.


ISTRIPU MOTA: abian doazen ibilgailuen arteko talkak eragindakoak dira istripurik arruntenak, eta ondoren, errepidetik irteteagatik gertatzen direnak.

ISTRIPUEN ETA EGUNEN ARTEKO HARREMANA:
istripu gehienak ostegun, ostiral eta larunbatetan gertatu ohi dira. Hala ere, istripu larri gehiago izaten dira larunbat eta igandeetan. Bestalde, arratsaldeko orduetan gertatzen dira istripu gehienak, batez ere 13:00etik 14:00etara, batetik, eta 18:00etatik 19:00etara bestetik. Era berean, beste hilabeteekin alderatuta, urrian eta abenduan istripugehiago izan ziren 2002an, eta martxoan gutxiago. Hala ere, istripuetan hildakoen kopuru handienak ekainean eta uztailean izan ziren.

ISTRIPUEN ERAGILEAK:
Ertzaintzak dioenez, istripuak eragiten dituzten eragile bat baino gehiago izan ohi da, eta zaila izaten da arrazoi jakina aurkitzea. Dena den, istripuen %29,1 arreta galtzeagatik gertatu ohi dira eta %14 abiadura ezegokiagatik. Bestalde, istripu gehienak egunez gertatzen dira; biktimak izaten dituzten ispripuak ere bai. Hala ere, biktima larrienak gauetan jazotako istripuetan izaten dira. Era berean, Ertzaintzaren arabera, ezin daiteke esan errepidea bustita egoteak istripuak izateko arriskua handitzen duenik, istripu gehienak errepidea lehor eta garbi dagoela gertatzen baitira. Izan ere, euria ari duela gertatzen dira istripuen %34,6. Bestalde, azpimarragarria da hildakoak eragiten dituzten istripuen ehunekoa handitu egiten dela eguraldia ona denean.


HILDAKOAK: 2001. urtearekin alderatuta, istripuetan hildakoen kopuruak gora egin zuen iaz. Izan ere, 24 orduren buruan hil zirenak 193 izan ziren, aurreko urtean baino bi gehiago. Adinari erreparatuz gero, 18 eta 40 urtekoak dira istripuetako biktima gehienak. Bestalde, dauden gidarien eta istripua izan duten gidarien ehunekoa egokitzen zaiona baino nabarmen handiagoa da. Sexuari dagokionez, istripua izan duten gidarien %80 baino gehiago gizonezkoak dira.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.