2011ko abendukoa da kasua. 13 urteko mutiko bat hilotz agertu zen, labankada batekin, Donostian, Antigua auzoko etxe batean. Berehala, susmo eta hipotesi ugari zabaldu ziren jazotakoaren inguruan, eta suizidioarenak ere hartu zuen indarra. Ez luzerako. Mutikoaren gurasoak banatzekotan zebiltzan, jazoeraren ostean aita desagertu egin zen, eta, horren ondorioz, haren erruduntasunaren inguruko susmoak aurki zabaldu ziren. Eta akusatu egin zuten. Gipuzkoako Fiskaltzak hemezortzi urteko zigorra eskatzen du harentzat, eta akusazio partikularrak, hogeikoa.
Astelehenean ziren epaiketa hastekoak, baina zinpeko epaimahaia hautatzeko prozesua luzatu zen, eta gaur ekin diote. Akusatuak azpimarratu du errugabea dela; azaldu duenez, zarata bat entzun zuen etxeko gela batean, eta, bertara joatean, semea lurrean topatu zuen, labanaz zaurituta. Fiskalaren galderei erantzun die aurrena, ordu erdiz. Fiskalak berak behin baino gehiagotan ihardetsi dio kontraesanak daudela gaur esandakoaren eta instrukzio aldian deklaratutakoaren artean.
Bi orduz aritu zaio galdezka akusazioaren abokatua. Hari erantzun dio "shock egoeran" zegoela eta ez dakiela zenbat denbora egon zen semearekin, hura zaurituta zegoela. Gero Igeldora joan, eta han egon zen astebete, bere buruaz beste egiteko "asmoarekin". Defentsako abokatuari erantzunez, berriz, azaldu du urteak daramatzala laguntza psikologikoarekin.
Auzipetuaren deklarazioaren aurretik, fiskalak argudiatu du lehen hipotesiarena gaztearen suizidioarena izan zela, baina horrek ez duela oinarririk. Istripuaren hipotesia ere "ezinezkotzat" jo du, eta lehenetsi egin du aitak eraso egin izanaren tesia. Akusazioak argudiatu du auzipetuak "arrazoi bat" zuela semea hiltzeko: "Bere emaztearekiko mendekua". Uste du "hilketa" izan zela, ez "homizidioa", larrigarritzat jo baitu senidetasuna. Defentsako abokatuak, ordea, uste du akusatua "erabat errugabea" dela; haren iritziz, "oso gogorra" da esatea akusatuak semea hil zuela, eta "asko kostatzen da aitortzea suizidioaren hipotesia, edonoren erreakzioa izango litzateke hori".