Misterioa ez da argitu. Bi urte eta sei hilabete geroago, foru hauteskundeak pasata, Santiago Cervera PPko diputatu ohiak epailearen aurrean eseri behar izan zuen atzo. Haren aurkako epaiketak hiru egun iraungo ditu, eta, lehenengoan, bere bertsioa berretsi du Cerverak. «Errugabea naiz, tranpa bat jarri zidaten». Ondoren, ikerketaz arduratu zen Iruñeko Guardia Zibilaren kapitainak deklaratu zuen; onartu zuen ez zutela «inoren aurkako» frogarik topatu. Hartara, Cerveraren aurkako elementu nagusia 2012ko abenduaren 9an egindako atxiloketa da. Epaiketak argitu beharko du hori nahikoa den zigortzeko. Aurretik, fiskalak absoluzioa eskatu du; Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidente ohiaren izenean, ordea, akusazio partikularrak 14 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du, Asiaini xantaia egitea egotzita.
Cerverak uko egin zion Javier Asiain akusazio partikularraren abokatuaren galderei erantzuteari. Fiskalari eta abokatuari erantzunez, baieztatu zuen 2012ko Nafarroako Kutxari buruzko mezu bat jaso zuela azaroaren 29an. Hilabete lehenago, Pejenaute auzia lehertu zen, eta, CANeko norbait «lehen aldiz» informazioa emateko prest egon zitekeelakoan, interesgarritzat jo zuen, «nahiz eta modua arraroa izan». Abenduaren 2an, Madrildik Iruñera joan zen, aita ospitalean larri zuelako. Hala, informazioa jaso beharreko tokia «Klinika Unibertsitariorako bidean» zegoen; 50 metro baino ez zen desbideratu behar. «Taxoaren izan balitz, ez nintzateke joango». Pare bat aldiz zelatatu zuen gauez tokia, eta Madrilera itzuli zen.
Hurrengo asteburuan, abenduaren 8an, gauez tokira itzuli zen, eta han egiaztatu zuen zerbait bazegoela —Guardia Zibilek ustezko xantaia egileari jarritako amua zen—. Biharamunean, goizez, tokira itzuli zen; gutuna hartu, eta atera zen. «Garrantzitsua izan zitekeen zerbaiten aurrean nengoela uste nuen, eta, zirraraz, adrenalinak gora egin zidan». Haatik, handik metro batzuetara atxilotu zuten guardia zibilek. «Mundua gainera erori zitzaidan». Eskuburdinak jarrita, bazekien bere ibilbide politikoa amaitu zela.
«Diruz gaizki zabiltza?»
Shock egoeran, Cerverak ez zekien zergatia. «Zer gertatzen zaizu, diruz gaizki zabiltza?», galdetu zion guardia zibil batek polizia etxera bidean. Aurrerago galdetu zioten ea «Asiain jauna» ezagutzen zuen. Fermin Otamendi guardiako epailearen aurrean egon arte, ez zuen jakin zertara zetozen atxiloketa eta itaun haiek. Abokaturen bidez, Asiainekin tratu batera iristen saiatu zen, salaketa kentzeko: «Bioi eragiten zigun egoera hura aztertzeko egin genuen». Ezezkoaren aurrean, abenduaren 10ean dimisioa eman zuen diputatu gisa, «ohoreagatik» eta, forudun izan gabe, auzia ohiko epaitegi batean iker zedin, «herritar soil moduan».
Akusazioaren arabera, Cerverak 25.000 euroren zuloa zuen, eta bazuen Tor sistemaren ezagutza; hala, iradoki nahi zuen xantaien egile dela. Cerverak ukatu zuen egoera ekonomiko txarrean zela: «Zorionez, ez dut diru beharrik izan». Sare sozialen erabiltzaile handi izan arren, garai hartan anonimotasuna gordetzeko sistemen ezagutzarik izatea ukatu zuen. Zortzi aparailu elektroniko utzi zituen epaitegien esku, Kongresuak utzitako bi barne. Formateatuta zeuden, baina «legeak hala behartzen duelako».
Bi gailuok hartzean, Kongresuan arrazoi hori eman zietela baieztatu du Iruñeko Guardia Zibilaren kapitainak. Bi zalantza planteatu zituen defentsa abokatuak bere zein gainerako guardia zibilen deklarazioan. Berez, ustezko xantaiaren ikerketa Fuerteventurako informazioa jaso ostean abiatu zuten. Asiainek jasotako posta elektronikoaren datu teknikoak izan zituzten, baina, abokatuaren ustez, mezua bera ez zuten egiaztatu. Bestetik, Guardia Zibilaren kapitaina xantaia egileari amua jartzeaz arduratu zen: «Diruaren ordez, paper zatiak jarri genituen». Abokatuak iradoki zuen paperak gutun azal handi batean jarri zituztela, eta informazioa zuen itxura eman ziotela, diru itxura eman ordez. Kapitainak ez zion garrantzirik eman.
24 orduko zaintza berezia jarri zuten, eta, guztira, 21 polizia inguru izan ziren operazioan. «Ez genekien zer gertatuko zen». Ohikotzat jo zuen kapitainak hain dispositibo handia. Bere esanetan, Cervera atxilotu arte ez zuten susmagarririk atzeman edo inor identifikatu. CANeko segurtasun taldeari ere ez zioten abisurik eman. Deklaratu zuen hurrengo polizia kontraesanean erori zen beste susmagarririk egon ote zen galdetzean: «Uste dut norbait identifikatu zela, baina ez nuen nik egin; ez dut gogoan».