Errugabetu egin dute 11 urteko semea entzierrora atera zuen aita

Aitak axolagabekeriaz jokatu zuela iritzi dio Fiskaltzak, baina jokabide hori ez dela zigor kodearen arabera epaitu behar. Zezenak plazan bilduta daudela iragartzen duen suziria entzun eta gero atera zuela mutikoa lasterketara ziurtatu du aitak. Haurraren ama eta epaituaren emazte ohiak jarri zuen salaketa.

2008ko otsailaren 28a
16:51
Entzun
Iazko Sanferminetan 11 urteko semea entzierrora ateratzeagatik aita bat epaitu dute gaur Iruñean, familia betebeharrak ez betetzea eta mutikoaren ama eta emazte ohiari lesio psikologiak egitea egotzita. Nolanahi ere, Luis Miguel Gomez Ballesteros madrildarra errugabetu egin dut epaimahaiak, eta salaketa ezarri zuen emazte ohia epaiketaren kostuak ordaintzera zigortu du.

Fiskaltzk eta defentsak, biek, eskatu dute errugabetzea. Aldiz, amaren ordezkari zen akusazio partikularrak 15 asteburutako arrestatzea eta emazte ohiarentzako 12.000 euroko kalteordaina eskatu ditu. Ama eta emazte ohiak depresioa du, defentsaren arabera, semea entzierroko ibilbidean korrika ikusteak eragindakoa.

Aitak axolagabekeriaz jokatu zuela iritzi dio fiskaltzak, baina jokabide hori ezin dela zigor kodearen arabera epaitu. Halaber, ekintza horiek ez direla amaren lesio psikologikoak eragiteko lain erantsi du.

Aitaren arabera, batere arriskurik ez zegoenean irten semea entzierroaren ibilbidera. Lehendabizi aitak egin zuen lasterka uztailaren 10ean Iruñeko entzierroan, eta semeak balkoi batetik ikusi zuen aitaren korrikaldia. Aitarekin elkartu zenean bera ere ateratzeko eskatu bide zion mutikoak aitari. Ordurako, zezen guztiak plazako ikuiluetan bilduta daudela adierazten duen suziria bota zutela agertu du aitak, eta arriskurik ez zegoela iritzita, semea mantsoen aurrean lasterka egitera atera zuela. Animalia horiek guztiz otzanak direla nabarmendu du aitak, eta uneoro eskutik helduta eraman zuela semea, idiak bistatik galdu gabe.

Akusazio partikularrak, berriz, animalia horiek 800 kilo eta mutikoak 35 kilo pisatzen dituela nabarmendu du arriskua egon bazegoela argudiatzeko.

Aita-semeen korrikaldiko irudia prentsako argazkilariek eta telebista kamerek jaso zuten eta hainbat komunikabidetan plazaratu zuten. Amak komunikabideen berriz izan zuen horren berri, eta larridura handia eragin ziola agertu du. Une hartan, dibortzioko hitzarmena betez, aitak zuen hilabetez semearen gaineko guraso agintea. Irudi horiek plazaratu izanak sortutako zalapartaren ondorioz, kendu egin zioten behin-behinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.