Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko fiskaltzak hiru urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du gaur ertzain batentzat, Bergarako (Gipuzkoa) polizia etxean grafiti egile bat aurpegian linterna batekin jo eta zauriak eragiteagatik. Denbora tarte horretan ertzaina inhabilitatzeko ere eskatu du fiskalak, eta 4.500 euroko kalte-ordaina. Zaurituak, akusazio partikular gisa, bost urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa eskatu ditu ertzainarentzat, eta 5.079 euroko kalte-ordaina. Defentsak absoluzioa galdegin du, emandako kolpea «istripuz» emana izan zela argudiatuta: «Autodefentsarako bat-bateko keinua izan zen».
2016ko martxoaren 13koak dira gertakariak, Efe agentziak fiskaltzaren txostena aipatuz aurreratu duenez. Ertzaintza Bergaran egindako grafiti batzuk ari zen ikertzen garai hartan, bi lagun atxilotu zituen kalean, eta polizia etxera eraman, diligentziak hasteko. Fiskaltzak txostenean dioenez, itxaron gelan zeudela, akusatuak biktimari esku bat jarri zion kopetan, eta burua bihurritzen saiatu zen; ihes egiten saiatu zen hura, baina ertzainak eskuetan zuen linterna batekin kolpeak eman zizkion aurpegian, eta ez zen gelditu lankide bat gelan sartu zen arte. Zortzi puntu eman zizkioten bekainean. Fiskalak lesio delitua egotzi dio ertzainari, eta agintekeriaz aritzea ere bai.