Iazko irailaren 21ean eta 23an Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea hustean eta eraisteanErtzaintzak izandako jokabidearen harira, hogei salaketa baino gehiago jarri zituzten herritarrek, baina, oraingoz, bakarra heldu da epaitegietara. Atzo, ertzain bat epaitu zuen Bilboko Instrukzio Epaitegiak, lesio falta batengatik: istiluetan atxilotutako gizon gazte bati tinpanoa zulatzea egotzi zioten.
Hilaren 23ko liskarretan gertatu zen. Salatzailearen arabera, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondoren, auzoko denda batean babestu zen, emakume batekin batera. Poliziak hara sartu ziren, eta biak atzeman zituzten. Biktimak salatu du hormaren kontra zeukatela, ertzain batek ukabilkada bat eman ziola belarrian eta, ondorioz, tinpanoa hautsi ziola. Salatzailearekin batera atxilotutako andreak bertsio hori berretsi du. Akusazioak, halaber, Gurutzetako Ospitaleko txosten medikoa aurkeztu du.
Akusatuak, ordea, ukatu egin du atxilotua jo izana, eta tesi bera defendatu dute haren bi lekukoek —bi ertzain—. Haien arabera, atxiloketan ez zuten indarkeriarik erabili behar izan, gazteak ez zielako aurre egin.
Bi aldeen bertsioak «kontraesankorrak» direla ikusita, akusatuaren absoluzioa eskatu du Fiskaltzak, haren aurkako froga nahikorik ez dagoela argudiatuta. Akusazioak, berriz, 1.200 euroko isuna eskatu dio, baita kopuru bereko kalte-ordaina ere.
Ertzainak identifikatu ezinik
Kukutzako kideen abokatu Iñaki Carrok deitoratu egin du agenteak identifikatu ezinik ibiltzea, epaileek galdetuta ere: «Ertzaintzak anonimotasunarekin jokatzen du. Ez du barne ikerketarik zabaldu, eta argudiatzen du irudietako agenteen nortasuna ezin duela jakin, aurpegia estalia dutelako». Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari ertzainak «babestea» egotzi dio, eta, hala, «zigorgabetasun osoz» dihardutela salatu du, «bortizkeria neurriz kanpo erabili arren». Atzo epaitutako ertzaina atestatuko datuen bidez identifikatu dute.
Bizkaiko Salhaketak gogorarazi du EAEko Arartekoak ere bere txostenean esan zuela Herrizaingo Sailak ez duela gertatutakoa argitzen lagundu: «Horrek adieraz dezake haien jokabidea ez zela egokia izan». Txostenean berretsi dute Ertzaintzaren jarduna «neurrigabea eta zentzugabea» izan zela, Bilboko Udaleko Bilduko taldearen ustez, eta jardun haren alde agertu zirenak orain «isilik» daudela nabarmendu dute.
Errekaldeko Gabriel Aresti eskolako gurasoen elkarteak ere kexa jarri du: iraileko egun horietan, guraso, ikasle eta irakasleek «ikara» sentitu zuten; «bereizi gabeko kargen» ondorioz haien segurtasuna bermatu ezin zutenez, 2 urteko gela ixtea erabaki zuten.
Ertzain bat epaitu dute, Kukutzako istiluetako atxilotu bat zauritzeagatik
Fiskaltzak absoluzioa eskatu du, bi aldeen bertsioak kontrakoak izanik froga nahikorik ez dagoelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu