Bilboko epaile batek zigortu egin du Kukutza gaztetxea hustu ostean gazte bat jipoitu zuen ertzain bat. Epaiak dio ertzainak "behargabeko ostikada" eman ziola gazteari, istilurik ez zegoen leku batean: Ametzolako biribilgunean. Gaztea Kukutzan zeudenei elkartasuna adieraztera joana zen eraso ziotenean. Epaileak zigorra arintzea baztertu du, gainera.
Kukutzako Elkartasun Taldeak gogorarazi du gaztetxea hustu ostean Ertzaintzak "bortizki" jokatu zuela eta "dozenaka" pertsona zauritu zituela. "Hori frogatzen duten 103 mediku txosten daude, gutxienez". Salaketak jarri arren, prozeduretako asko artxibatu egin dituzte. "Ertzainak identifikatzeko izan diren zailtasunengatik izan da. Kasu honetan, ordea, barne ikerketari esker identifikatzea lortu zen". Elkartasun taldeak "garrantzitsutzat" jo du epaia. "Agerian geratu da Poliziak arrazoirik gabeko bortizkeria erabili zuela".