Deustuko ertzain etxeko burua zen Ugarteko ezizendun ertzaina Cabacasen heriotza gertatu zenean. Hark zuzendu zuen operatiboa. 2013ko apirilean, Gara egunkariak argitara eman zituen ertzainen arteko elkarrizketen grabazioak. "Hemen ez dago istilurik, ez zauriturik", zioen gertaeren lekuan zegoen ertzain batek; hain zuzen, 3.389 zenbakidunak. "Kalexkan sartu, daukagun guztiarekin", erantzun zuen Ugartekok Deustuko polizia etxetik.
Iazko ekainean deklaratu zuen ertzain hark auzitegian, lekuko gisa, eta astelehenean ikertu gisa —lehen inputatuak zirenei orain ematen zaien trataera— agertu zen epailearen aurrean. Gara egunkariak zabaldu duenez, ertzain horrek epaileari azaldu zion Ugarteko zela Iñigo Cabacasi buruan pilotakada eman zioten gauean aginduak ematen zituena.
Istilurik ez egon arren Ugartekok kalexkan sartzeko aginduta, 3.389 zenbakidun ertzainak deklaratu zuen Ugartekoren "presiopean" sentitu zela eta haren aginduak bete zituela.
Ugartekok iaz deklaratu zuen lekuko gisa; ez dago inputatuen artean.