euskal herria

Ertzain baten aurkako isuna eskatu dute, Kukutzako liskarretan gazte bati tinpanoa hausteagatik

Denda batetik atera ondoren belarrian jo zuen poliziak, defentsak esan duenez. Lesioaren mediku txostena dagoen arren, Ertzaintzaren lekukoek gezurtatu egin dute bertsio hori.

2012ko maiatzaren 30a
18:38
Entzun

Kukutza Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea husteko operazioan gazte bati tinpanoa hautsi ziola egotzita, defentsa abokatuak ertzain baten aurkako 1.200 euroko isuna eta beste 1.200 euroko inhabilitazioa eskatu ditu gaur, Bilboko Instrukzio Auzitegian egindako epaiketan.

Liskarretan gaztea, beste lagun batzuekin, denda batean babestu zen, abokatuak esan duenez, eta ertzainek handik atera egin zituzten. Ondoren, polizietako batek gazte hura belarrian jo zuen, eta tinpanoa hautsi zion, defentsaren arabera. Lekuko batek kontatu du lesioaren mediku txostena badela.

Ertzaintzaren lekukoek bestelako bertsioa eman dute. Haiek adierazi dutenez, ez zuten inor jo gertaera hartan, dendan zeudenek ez zutelako erresistentziarik jarri.

Bi bertsioak kontrajarriak direla eta, Fiskaltzak ertzainaren absoluzioa eskatu du.

Iazko irailaren 21etik 23ra hustu zuen Ertzaintzak Kukutza, agindu judizial bat jasota. Errekalde auzoan ez ezik, Bilboko beste leku batzuetan ere izan ziren istiluak manifestazioetan eta horiek sakabanatzeko ertzainek egindako oldarraldietan. 76 zauritu egon ziren.

Lehengo astean Iñigo Lamarca EAEko arartekoak txosten batean zioen Ertzaintzak Kukutza husterakoan eta hurrengo egunetako mobilizazioetan erabilitako indarkeria ez zegoela behar bezala arrazoitua. Hurrengo egunean Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak erantzun zuen arartekoaren txostena "bidegabea eta zehaztasunik gabea" dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.