Hernanin (Gipuzkoa) adingabeko neska baten aurka egindako ustezko sexu erasoa ikertzen ari da Ertzaintzak, gaur jakinarazi duenez.
Atzo goizeko lauretan izan zen gertaera, neska etxera zihoala. Gizonezko batek egin zion erasoa. Biktima oihuka hasi zen eta gizonezkoak, hari aurpegian jo ostean, ihesari ekin zion. Neska Donostia Ospitalera eraman zuten, arta zezaten.
Ertzainak ustezko erasotzailearen bila dabiltza.
Gertaera horren aurrean, "salaketa gogorra eta gaitzespena" adierazi ditu Hernaniko Udalak, Berdintasun Sailaren ahotik. "Era berean gure babes eta laguntza osoa eskaini erasotuari eta bere ingurukoei".
"Zoritxarrez oraindik ere emakume eta gizonek jai giroa ezin dugu modu berean bizitu, ezta gure herriko kaleetan askatasun berberaz ibili. Denon egitekoa da herriko kaleak guztionak izatea bermatzea eta jaietan elkarrekiko errespetua nagusi araztea. Ezberdintasun hau are larriagoa da ondorio bezala eraso bat dagoenean, eta gehiago adin txikikoa bada. Erasoa jasan duenak izen eta abizen jakin batzuk dituen arren, honen gainetik denok sentitu behar dugu erasotuak, emakume zein gizon, halako gertaeren aurrean denok baikara galtzaile", dio Udaletik zabaldutako agiriak.
"Azken gertakari honetan baloratu nahi dugu erasotuaren ausardia, aurre egiteko erakutsi duen indarragatik. Honi esker ingurukoek ekiteko aukera izan zuten eta gertakaria oraindik larriagoa izatea ekidin".
Herritarren "jarrera aktiboa zein garrantzitsua den" nabarmendu du Udalak, eta bizilagunei jarrera horrekin jarraitzeko eskatu die, besteak beste egun hauetan egingo diren ekintzetan parte hartuz.
Hala, heldu den larunbatean, hilaren 14an, Plaza Berrin egingo duten protesta elkarretaratzean parte hartzeko eskatu die herritarrei. Kontzentrazioa 19:00etan izango da.
emakumeen aurkako indarkeria
Ertzainak gizon baten bila dabiltza, Hernanin adingabeko neska bati sexu erasoa egin diolakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu