Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du Ertzaintza 13 urteko neska baten ustezko bahiketa ahalegina ikertzen ari dela Irunen (Gipuzkoa). Ustezko bahiketa saiakera martxoaren 6an izan zen.
Iturri beren arabera, salaketa bat jarri dute bahiketa saioa salatzeko. Haur eskolen inguruetan eta jolas orduetako tokietan patruila gehiago jarri ditu Ertzaintzak.
Juan Bengoetxea Irungo PPko zinegotziak salaketan jartzen duenaren berri eman du, eta azaldu du gertakariak 08:45ean izan zirela, Olaketa kale inguruan. Haren arabera, 50 urte inguruko gizonezko bat adingabea furgoneta batera igotzen saiatu zen, eta, hark ezetz esanda ere, jarraitu egin zuen. Neska irekita zegoen garaje batean ezkutatu zen, eta gizonezkoarengandik ihes egitea lortu zuen.