Joan den ostegunean Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak iragarritakoari jarraiki, Ertzaintza gomazko piloten ordezko materiala erabiltzen hasiko da 2013an. Idoia Mendia Jaurlaritzako eledunak baieztatu du datorren urteko urtarrilaren 1a bitarte gomazko pilotak erabiltzen jarraituko duela Ertzaintzak, baina egun horretatik aurrera «material alternatiboa» erabiltzen hasiko dela. Alta, Mendiak ez du zehaztu zein izango den ertzainek erabiliko duten ordezko material hori.
Nolanahi ere, neurri horrek polizia etxeetako ertzainei baino ez die eragingo. Herrizaingo sailburuak joan den astean azaldu zuenaren arabera, brigada mugikorrek eta bereziek gomazko pilotak erabiltzen jarraitu ahal izango dutelako 2013tik aurrera ere, «salbuespen egoeretan» bada ere.
Bestalde, herenegun Herrizaingo sailak jakinarazi zuen bolbora gehiegi zuten gomazko piloten kartutxoak aurkitu zituela Donostiako ertzain etxean eta, ondorioz, piloten eskopetak erabiltzea debekatu duela, harik eta kartutxo guztiak aztertu arte.Mendiak azaldu duenez, egunotan ertzain etxe guztietako kartutxoak «banan-banan» aztertzen dabil Ertzaintza—Iñigo Cabacas gaztea hil zuten operatiboan erabilitakoak ez dituzte aztertuko, epaileen esku daudelako—. Behin Ertzaintzak lan hori amaitzen duenean, eta anomaliarik topatzen ez badu, horiek erabiltzeko debekua kenduko duela adierazi du Mendiak.
EAren eskaera
Bien bitartean, Iñigo Cabacasen heriotza dela-eta gomazko piloten erabilerak sortutako polemikak ez du etenik. Izan ere, Aresek horien erabilera mugatzeko iragarritako neurriak ez ditu guztiak asetu. EArentzat, esaterako, ezinbestekoa da gomazko piloten erabilera guztiz debekatzea, eta, hori eskatzeko, legez besteko proposamena erregistratu du Eusko Legebiltzarrean. Ekimen horretan, Europako Batzordeak emandako aholkuak aintzat hartzeko eskatu dio EAko legebiltzarkide Juanjo Agirrezabalak Herrizaingo Sailari, eta, ondorioz, gomazko piloten erabilera «berehala» eta «behin betiko» debekatu dezala galdegin dio. Debeku horrek «salbuespenik gabekoa» izan behar duela esan du Agirrezabalak.
EAko legebiltzarkidearen ustez, «ez dira nahikoak» Aresek Legebiltzarrean iragarritako neurriak, «heriotza eragiten duen materiala erabiltzen jarraitzea ahalbidetzen diotelako Ertzaintzari». Cabacasen heriotzaren ondoren, gainera, «arduragabekeria» da Ertzaintzak gomazko pilotak erabiltzen jarraitzea, nahiz eta salbuespen egoeratara mugatuta egon, Agirrezabalak salatu duenez. Izan ere, EAkoak salatu du etorkizunean gauza bera gerta daitekeela eta beste pertsona bat hil daitekeela.
Bestalde, EAEko Arartekoak Cabacasen heriotzaren inguruko espedientea irekiko duela jakinarazi du Efe albiste agentziak. Ertzaintzaren jokabidea aztertu nahi du Iñigo Lamarca arartekoak, eta egunotan gaztearen gurasoekin harremanetan dagoela eta dokumentazioa biltzen dabilela diote iturri horiek. Arartekoak ezingo du gertaeren inguruko ikerketarik ireki, epaileen esku dagoelako auzia, baina Ertzaintzaren protokoloak huts egin zuen ala ez aztertu dezake.
Iñigo Cabacasen heriotza. Gomazko pilotak
Ertzaintza gomazko piloten ordezko materiala erabiltzen hasiko da 2013an
EAk gomazko pilotak «berehala» eta «behin betiko» debekatzeko eskatuko du Eusko Legebiltzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu