Euskararen, autoedeterminazioaren eta independentziaren aldeko oihu ugari entzun dira Segik deitutako manifestazioan. Ertzaintzaren presentzia nabaria izan da ibilbide guztian, eta azkenean Andra Mari Zuriaren plaza ertzainek gomazko politak jaurtiz dituzte manifestarien aurka, errepidean hainbat hesi gurutzatu baitituzte. Emile Laplezete Segiko kideak manifestazioaren amaieran adierazi duenez, Ibarretxeren hitzaldia "bortxaren eta indarkeriaren aurkakoa da, baina hemen argi ikusi dugu noren aurka erabiltzen den indarkeria".
Euskal esparru soziolaborala aldarri
LAB sindikatuak ere elkarretaratzea egin du Legebiltzarraren atarian. Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusiak marko juridiko politikoa agortuta dagoela adierazi du, eta euskal langileriarentzat "euskal esparru soziolaborala" aldarrikatu du. Ekimen berean, Pernando Barrena Batasuneko kideak hartu du hitza, eta Gernikako Estatutuaren "porrota argi eta garbi gelditu" dela nabarmendu du.
"Ibarretxe plana txantai politikoa da"
Ezker abertzaleak elkarretaratzea deitu duen une berean, Aski da! ekimeneko hainbat kide bildu dira, Fernando Savater, Carlos Gorriaran eta Maria San Gil tarteko. "Ibarretxe plana txantai politikoa da, nahikoa da!" izan da Aski da! taldekoen lelo nagusia.
IBARRETXE PLANAREN AURKEZPENA EUSKO LEGEBILTZARREAN
Ertzaintza Segik deitutako manifestazioan parte hartu duten gazteei oldartu zaie, baina ez da atxiloturik izan
Giroa bero egon da gaur eguerdian Gasteizen Segi gazte erakundeak deitutako manifestazioan. Ehunka gazte bildu dira 12:30etarako Legebiltzarraren atarian eginda zegoen deialdira. Era guztietako oihuak entzun dira, eta manifestazioaren une batean Ertzaintzaren bi furgoneta orpoz oropo jarri zaizkie gazteei, baina pare horretan ez da istilurik izan. Andra Mari Zuriaren plazara iristen ari zirenean, ordea, zenbait gaztek hainbat hesi gurutzatu dituzte errepidean, eta ertzainek gomazko pilotak jaurtiz erantzun diete. Berria.info-k jakin ahal izan duenez, ez da atxiloturik izan. Bestalde, goiz guztian zehar elkarretaratze ugari egin da Legebiltzarraren atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu