Joseba Mikel Otxoa 23 urteko gaztea atxilotu du Ertzaintzak Gasteizen. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, Arabako hiriburuan bertan izandako hainbat kale erasorekin lotura izatea egotzita atxilotu dute Otxoa. Gaztea ez dagoela inkomunikatuta jakinarazi du Askatasunak, eta iturri horien arabera, gaur eramango dute Espainiako Auzitegi Nazionalera, deklaratzera.
Askatasunak jakinarazi duenez, atzoko 08:00 aldean atxilotu zuten Otxoa, lanera bidean garajetik ateratzera zihoala. Berri agentzien arabera, orduan, Donostia kalean dagoen bere etxea miatzeari ekin zion Ertzaintzak, eta horretan aritu ziren 09:30 aldera arte. Ertzaintzak kaxa bat atera zuen bertatik, berri agentzien arabera, dokumentazioz betea. Agentzia batzuen arabera lehergaia ere topatu zuten.
13:00 aldean berriz ere Otxoaren etxea arakatzera joan zen Ertzaintza Askatasunaren arabera.
Gasteizko hainbat kale erasorekin nahasten du Ertzaintzak Otxoa ,eta gainera, molotov kontelak baino indar gehiagoko lehergai mistoak egitea leporatzen diote.
Askatasunak azaldu duenez, manifestazioa egingo dute gaur Gasteizen, 21:00etan Andra Mari Zuriaren plazatik hasita, 30 urte demokraziarik gabe. Aski da! Atxilotuak askatu lelopean.
Hilaren 10ean beste lau gazte ere atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteizen. Haiei ere kale erasoekin lotura izatea egozten diete. Preso daude hiru, eta bat libre.
Ertzaintzak 23 urteko gizonezko bat atxilotu du Gasteizen, kale erasoetan parte hartzea egotzita
Joseba Mikel Otxoa da atxilotua; haren etxea miatu du Ertzaintzak ordu eta erdi inguruan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu