Politika

Ertzaintzak atzo Larratxon atxilotutako hiru gazteak ziurrenik bihar eramango dituzte Madrilera

"Terrorismo" delitua leporatuta atzo Donostiako Larratxo auzoan Ertzaintzak atxilotu zituen hiru gazteak ziurrenera bihar eramango dituzte Madrilera, Espainiako Auzitegi Nazionalera, Askatasunak jakitera eman duenez. Imanol Gomez joan den astean Frantzian hildako ustezko etakidearen omenaldiaren ondoren atxilotu zituzten hiru gazteak. Aurretik, kaleko arropekin jantzitako ertzainek airera tiro egin zuten, Herrizaingo Sailaren arabera beren burua oldarka ari zitzaien jendez inguratua ikusi zutelako. Askatasunak gezurtatu egin du ertzainak inguratuta zeudela.

2005eko uztailaren 25a
18:10
Entzun
Andoaingo (Giupuzkoa) Iker Otamendi eta Iruñeko Iñaki Aristi eta Mikel Lopez atzo Ertzaintzak Larratxon atxilotutakohiru gazteek Donostiako Ondarretako polizia etxean jarraitzen dute. Atzo inkomunikatuta zeuden hiru gazteak, baina Askatasunak agertu duenez, gaur konfiantzazko abokatua izendatzen utziko dietela esan diete familartekoei. Hala ere, ez senideek, ez abokatuek, ezin izan dituzte oraindik hiru gazteak ikusi.

"Atentatu delituarekin lotutako terrorismoa eta ordenu publikoa urratzea" leporatu die Ertzaintzak hiru gazteei, eta, ondorioz, Madrilgo Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute. Askatasunak agertu du ziur aski bihar eramango dituztela Madrilera.

Hiru atxiloketa horiek Imanol Gomez joan den astean Frantzian hildako ustezko etakidearen omenaldiaren ondoren egin zituzten. Jaurlaritzako Herrizango Sailak atzo azaldu zuenez, omenaldiko parte hartzaileetako batzuk istiluak sortu zituzten gero, eta, besteak beste, kalekoz jantzitako ertzainak inguratu, eta harriak-eta jaurtiz eraso zieten. Ondorioz, ertzain horiek airera tiro egin zuten.

Askatasunak gezurtatu egin du gertakari horiei buruz Herrizaingo Sailak emandako azalpena, eta airera tiro egin zutenean ertzainak ez zeudela jendez inguratuta esan du. Halaber, atxilotuetako bat gertakari horiek jazo ziren lekutik kanpo atzeman zutela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.