Ertzaintza Beñat Aginagalde eta Ugaitz Errazkinen bila dabil, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Astelehen gauean haien etxera joan zen Hernanira (Gipuzkoa), baina bi gazteak ez zeuden. Haien etxeak miatu dituzte, baita Lizeaga kalean dagoen etxabe bat ere. Kaja batzuk eraman dituzte, berri agentzien arabera, baina horren berri ez du eman Ertzaintzak.
Manex Castroren atxiloketaren polizia operazioaren jarraipena da, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak jakinarazi duenez. Villabonan (Gipuzkoa) atxilotu zuten igande gaueko 3:00etan, ETAko kide izatea egotzita. Erakunde armatuak urtarrilaren 16an Hernaniko Santa Barbarako mendianegindako atentatuarekin lotu du.
Atxilotu zutenetik inkomunikatuta jarraitzen du Castrok, eta haren senideek ez daukate berririk. Herenegun Hernaniko polizia-etxetik deitu zieten arropak eramateko, baina hara bertaratu eta gero, non zegoela ez zekitela adierazi zieten. Azken hiru urteetan Ertzaintzak ez du inor inkomunikatu, AAMk ohartarazi duenez. Ez behintzat gatazka politikoarekin zerikusia duten kasuetan. Familiaren kezka areagotu du horrek, eta gaur Arartekoarekin biltzekoak dira Villabonako alkatea eta abokatuarekin batera, zergatik inkomunikatu duten argitzeko asmoz. Inkomunikatuta dauden Eusko Jaurlaritzaren protokoloaren arabera, Castroren senideek eskubidea daukate zertan den jakiteko.
Garzonena baino eskasagoa
Protokolo horrek Garzonena baino berme gutxiago du. Atxilotutakoari buruz informazioa jasotzeko eskubideaz gain, egunero auzitegi mediku baten bisita izanen duela ziurtatu baizik ez du egiten. Baina ez du onartzen konfiantzazko medikurik atxilotua ikusi ahal izateko, ezta biltzen inkomunikazio osoa grabatuko denik. Garzon protokoloa deitzen denak bi neurri horiek biltzen ditu, eta hala ere Amnistiaren Aldeko Mugimenduak behin baino gehiagotan salatu du tortura ez duela saihesten.
Ertzaintzak bertze bi lagun atxilotu nahi izan ditu Hernanin
Castroren senideek haren berririk gabe jarraitzen dute, protokoloak eskubide hori bermatu arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu