Amparo Lasheras D3M eta Askatasuna auziko auzipetuak eta Txerra Bolinaga eta Imanol Olabarria elkartasun taldeko kideek baraualdia hasi dute goizean Eusko Legebiltzarrean, Aralarren bulegoan, baina Ertzaintzak kaleratu egin ditu 13:00ak aldera.
Hiru lagunak aurretik prentsaren aurrean azaldu dira, eta haiekin izan dira Mikel Basabe eta Dani Maeztu Aralarreko eta Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak.
Sestaoko Udalak auzipetu baten aldeko mozioa onartu du
Sestaoko Udalak Imanol Nieto D3M eta Askatasuna auziko auzipetuaren aldeko mozioa onartu du gaur goizean, osoko bilkuran. Imanolekin Elkartasuna plataformak aurkeztu zuen idatzia. EAJk (zortzi hautetsi) eta Bilduk (hiru) alde bozkatu dute eta PSE-EEk (zortzi) eta PPk (bi) kontra.
Udalak dio "herrialde honetako pertsona orok elkartzeko eta politika egiteko eskubidea" duela. Nieto herrikidea kartzelara joan daitekeela-eta geldirik ez egoteko dei egin du. Udalaren arabera, epaiketak "oinarri edota ezaugarri politikoak" ditu, eta halako auziak amaitzea galdegin du.
Datorren larunbatean eskubide zibil eta politikoen alde manifestazioa izango da Sestaon —Kasko plaza, 12:30—. Udalak parte hartzera deitu du.
Maiatzaren 3an hasiko da D3M eta Askatasuna auziko epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. D3M plataforma eta Askatasuna alderdia 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara begira ETAren aginduz sortzea egotzita, zazpi eta bederatzi urteko zigorrak eskatu dituzte hamahiru lagunen aurka.