«Amaitu da». Etsipena, tristura eta beldurra gailendu ziren atzo Errekalde auzoan. Kukutza III gaztetxeak irauteko itxaropen guztia desagertu zen eguerdian, Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegiaren ebazpenaren berri heldu zenean: eraisteko baimena geldiarazteko agindua bertan behera utzi zuen epaileak. Ordu gutxi iraun zuen eraikinaren atzera kontuak: Kukutzak ez du gaurko eguna argitzen ikusiko. Milaka lagun bildu ziren auzora protesta egitera, baina Ertzaintza, azken egunetako jokabideari jarraiki, bortizki oldartu zitzaien kalean zebiltzanei. Dozenaka lagun zauritu zituen, eta hogei baino gehiago atxilotu.
16:30ean hasi ziren iristen eraikina botatzeko langileak, aurpegiak estalita, eta hondeamakina. Kukutzara sartzeko baimena zuten gazteek 18:00ak arte, barruan zituzten «gauza pertsonalak» hartzera, baina gutxi batzuek baliatu zuten aukera: asteazkenean gaztetxea husterakoan ertzainek egindako «txikizioaren» ondoren, zer ikusiko zuten beldur agertu ziren.
Gaztetxera sartzeko epea amaitu eta bost minutura hasi zen hondeamakina lanean, eraikinaren inguruetan ia babes hesirik jarri gabe. Kukutza zioen kartela suntsitu zuen lehenbizi, eta ondoren azpiegituraren gorputza botatzeari ekin zion. Hamahiru urteko auzolanaren oroitzapenak begien bistan geratu ziren azkar: liburutegia, mahaiak, aulkiak... Iluntzean, argi sorgailu bat ere jarri zuten, gauean eraispen lanekin jarraitzeko.
«Lotsaren eguna da gaur», adierazi zuen Errekaldeberriz auzo elkarteak; «Errekaldeko, Bilboko, Euskal Herriko eta munduko milaka pertsonak lotsa sentitzen dugu, herritarren interesak defendatu nahi izan ez dituzten erakunde publikoengatik, dirudun porrokatu batzuen espekulazio goseari makurtu zaizkion instituzioengatik». Gordin eta zintzo mintzatu ziren bizilagunak, ohar baten bidez: «Eraso egin digute eta umiliatu».
Baina, lotsa ez ezik, beldurra ere sentitu zuten atzo Errekalden. Asteazkenean bezala, Ertzaintzak auzoa setiatu zuen: sarbideak moztu, eta kaleak erabat hartu zituzten poliziek. Bortizkeria handia erabilita, protesta zantzu oro baliogabetzeaz gain, kaleetatik mugitzea galarazi zuten.
Eguerdian hasi ziren ertzainak pilatzen gaztetxe inguruan, eta 17:00etatik aurrera hasi ziren oldartzen. Errekaldetik heldutako testigantzek etengabeko oldartzeen berri eman zuten. Lekukoen arabera, saretak jaitsiak zituzten tabernetan ere sartu ziren ertzainak kolpeka. Indarkeria Ametzolako tren geltoki barrura iritsi zen; han zeudenek jakinarazi zuten nasetan zaurituak ere bazirela. Errekaldeko osasun etxean ere sartu ziren ertzainak, eta «basatiki oldartu» ostean, txosten medikoak eraman zituzten, iturri batzuen arabera. Zaurituak dozenaka ziren ordurako.
Istiluen bideoak grabatzen ari zirenei sakelako telefonoak kendu zizkieten, eta etxeetako balkoietatik irudiak hartzen ari zirenei pilotakadak jaurti zizkieten.
Manifestazioa, ezinean
Nazioarteko manifestazioa zegoen deituta 20:00etarako, baina gutxi iraun zuen: Ametzolatik atera eta metro gutxira oldartu zen Ertzaintza. Jendea inguruetatik sakabanatu zen, eta handik gutxira berriro elkartu, Kukutzaren aldeko aldarriak oihukatuz, baina segituan agertu zen ertzainen furgoneta bat, manifestariei oldartzeko eta ekintzaileren bat atxilotzeko. Behin baino gehiagotan gertatu zen hori. Barrika-darik ere jarri zuten: Errekal- den edukiontzi batzuk erre zituzten.
Errekalden mobilizaziorik egitea ezinezkoa zela ikusita, manifestazio alternatibo bat antolatu zuten, udaletxetik aterata. Harako bidean ere istiluak izan ziren, Autonomia kalearen inguruan. 21:00 aldera hasi zen jendea biltzen udaletxe inguruan, eta 21:30ean iritsi zen Ertzaintza. Ordurako ehunka manifestari zeuden han, eta ertzainak zein Bilboko udaltzainak haien kontra oldartu ziren. Herrizaingo Sailaren arabera, harriak bota zizkiotelako udaletxeari. Bilboko erdialde osoan zabaldu ziren istiluak azken orduan: edukiontziak sutan ziren Indautxu inguruan, eta Ertzaintzak gogor egin zuen Zazpikaleetan eta Areatzan. Aldiz, Errekalden giroa iluntzean baino barexeagoa zen ordurako.
Edizio hau ixteko orduan, Ertzaintzak 26 pertsona zituen atxilo hartuak, desordena publikoak eragitea egotzita. Zaurituak dozenaka ziren, baina kopurua zehazteko zen. Errekalde auzoa argindarrik gabe zegoen. Eta Bilbon, autobus zerbitzua etenda.
Kukutza gaztetxea. Eraistea
Ertzaintzak bortizki erantzun die eraisteagatik protestatu dutenei
Errekaldeko tabernetan, osasun etxean eta tren geltokian sartu dira poliziak kolpeka, eta gutxienez 26 lagun atxilotu dituzteGaztetxe inguruan ia babes hesirik jarri gabe hasi dira eraikina botatzeko lanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu