Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak gaur esan du Ertzaintzaren ustez balitekeela lapurreta batengatik gertatzea atzo Mallabiko hilketa. Indarkeria zantzuekin, 68 urteko gizonezko bat hilda azaldu zen, bere autoaren ondoan. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, labanarekin egindako zauriak zituen lepoan eta bularraldean.
Arratsaldean topatu zuten hilik, bostak eta hamar aldera, Mallabiko mendi bide batean, Osma auzo inguruan. Autoa aparkatuta zegoen, eta gorpua bistan zen. Ertzaintza hara joan, eta epailearen aginduz 20:30ean hilotza autopsia egitera eraman zuten.
Gizona ezkongabea zen eta bakarrik bizi zen.