Euskal presoak

Ertzaintzak euskal presoen argazkiak kendu ditu Galdakaon, Usansolon eta Ugaon

'Herriko taberna'-tan sartu da. "Armaz leporaino josita herrietako seme-alaben argazkiak kentzen aritzeak erakusten digu Ertzaintzak betetzen duen funtzio errepresiboaren neurria", salatu du AAMk.

2009ko ekainaren 5a
18:21
Entzun
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) jakinarazi duenez, Ertzaintza euskal presoen argazkiak kentzen aritu da Bizkaian gaur: Galdakaon, Usansolon eta Ugaon. Herriko taberna-tatik kendu ditu presoen irudiak, eta AAMk, horretaz gain, poliziek bortizkeria erabili izana ere salatu du.

Gaur goizean Hego Uribeko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak prentsaurrekoa egin du Galdakaon, igandean Ibilaldian izandako gertakarien inguruko argipenak eta horiei buruzko irakurketa politikoa publiko egiteko. Prentsaurrekoa bukatu eta ordu erdira Ertzaintzaren hiruzpalau furgoneta agertu dira herriko taberna aurrean eta barruraino sartu dira. Taberna miatu dute, argazkiak atera dituzte eta presoen argazkiak hormatik kendu eta eraman dituzte. Era berean, zerbitzaria identifikatu eta "terrorismoa goratzea" egotzi diote. Tentsio uneak bizi izan dira.

Jarraian Usansoloko herriko taberna-ra joan dira ertzainak. Hango zerbitzaria ere identifikatu dute eta delitu bera egotzi diote. Ondoren, Ugaoko herriko taberna-ra joan dira eta bertatik ere argazki guztiak kendu dituzte, presoenak, errepresioak hildakoenak...

"Armaz leporaino josita herrietako seme-alaben argazkiak kentzen aritzeak erakusten digu Ertzaintzak herri honetan betetzen duen funtzio errepresiboaren neurria", salatu du AAMk. "Euskal preso politikoekiko elkartasuna da ezabatu nahi dutena. Espetxeetan euskal preso politikoak muturreko egoerak pairatzen ari dira, eta kalean haiekiko elkartasuna zigortzen eta erasotzen. Azken batean, presoen kolektiboa desegiteko diseinaturiko bide baten urrats ezberdinak dira hauek guztiak. Baina euskal preso eta errepresaliatu guztiekiko elkartasunak ez du etenik izango".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.