Kukutza Bilboko Errekalde auzoko gaztetxea husteko eta eraisteko Ertzaintzak erabilitako indarra ez du behar bezala zuritu Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Iñigo Lamarca EAEko arartekoak txostena bukatu eta aurkeztu berri du, Kukutza hustearen inguruan sortu ziren liskarrak aztertu ditu, eta ondorio horretara heldu da. 2011ko irailean eraitsi zuten gaztetxea, epaileak baimena eman ostean.
Ertzaintzaren esku hartzea "ordenamendu juridikoak esleitu dizkion betebeharren eta funtzioen testuinguruan kokatu behar da; beraz, oro har, legearen babes osoa dauka", zehaztu du arartekoak. Hala ere, ñabartu du 29 herritarren 76 kexa jaso dituela arartekoak, eta horietan salatutako "alderdi zehatzak" ez dituela argitu Rodolfo Aresen sailak.
Kexa eta salaketa ugari jaso zituen arartekoak, iazko irailaren 21etik 23ra Errekalde auzoko gaztetxea husteko Ertzaintzak egin zituen esku hartzeei buruz. Kexa horiengatik hasi zuen ikerketa, eta gaur eman du itxitzat. Herrizaingo Sailari hainbat informazio eskatu dizkio Lamarcak, eta egin zezakeen ikerketa bukatutzat eman du. Herrizaingo Sailak, oro har, gertakari eta eskaera zehatz batzuei ez diela erantzun azaldu du arartekoak txostenean.
Ertzaintzak erabilitako indarkeriak "egokitasuna, premia, zentzuzkotasuna eta proportzionaltasun printzipioak" errespetatu ote zituen baloratu ezinik gelditu dela adierazi du arartekoak. Indarkeria neurriz eta proportzioan erabili zutela defendatu du Aresek; arartekoak ez du datu aski ikusi hori hala izan dela baieztatzeko. Indarkeria erabili zuten herritarrei erantzuteko orduan Ertzaintzak erabili zuen bortizkeria "justifikatua" egon zela esan daitekeela adierazi du Lamarcak. Justifikatua bai, baina arartekoak ez du ebatzi Poliziaren bortizkeriak proportzionaltasun printzipioari eutsi ote zion.
Aldiz, bortizkeriarik erabili ez zuten hainbat pertsonaren aurka Ertzaintzak egindako esku hartzeak salatzeko aurkeztutako kexak "arrazoituak eta justifikatuak" daudela ebatzi du. "Ordena publikoari eusteko ardura duten unitate polizialek erabili zuten indarkeria; kasu horietan, ez zen behar bezala justifikatua egon".
Zauritu eta mediku txostenen "kopuru handia" deigarria dela adierazi du arartekoak, eta beharrezko diren barne ikerketa guztiak egiteko eskatu dio Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari. Tobogan tabernan Ertzaintza nola sartu zen eta zer jokabide izan zuen ere justifikatu gabekotzat jo du. Eta Bilboko Bilduko zinegotzi bat bultzaka erabili zutela ere gogorarazi du: "Bertaratu ziren zinegotziei emandako tratua jarduera desegoki eta oker gisa kalifikatu behar dugu".