genero indarkeria

Ertzaintzak ez du baztertzen Aguilarrek emakume gehiago hil izana

Igandean jipoitu zuen emakume nigeriarra atzo hil zen, Basurtuko ospitalean. Beste emakumea identifikatu dute; kolonbiarra da, eta gaur elkarretatzera deitu du Bilboko kolonbiarren komunitateak, 19:30ean, Arriaga plazan. Bi horiekin, hiru dira jada aurten indarkeria matxistak hildako emakumeak.

2013ko ekainaren 6a
15:41
Entzun

Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak Kolonbiako irrati bati adierazi dionez, oraindik ez dute baztertu Bilbon bi emakume hil dituen gizonak gehiago ere hil izana. Ez dute gorpuzki gehiago aurkitu Maximo Agirre kaleko gimnasioan, ezta frogarik ere, baina azaldu du Juan Carlos Aguilarrek hildakoak gehiago ere izan daitezkeela, Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebollo nola hil zituen ikusita.

"Trebakuntza ikusi zitzaion; ez zen indarkeria hori erabiltzen zuen aurreneko aldia, nola erabili duen ikusita", adierazi du Gabirondok. Gainera, bi erasoak ia jarraian egin dituela gogorarazi du Ertzaintzako agintariak. "Zoritxarrez, beste biktima batzuk egon diren hipotesiarekin lan egiten ari gara", adierazi du.

Froga gehiagoren bila jarraituko dute, gorpuzki gehiago aurkitu ez badituzte ere, hildako gehiago baldin badaude posible baita horien gauzak aurkitzea, azaldu duenez.

Ikerketak luze joko du

Bluradio.com Kolonbiako irratiari egin dizkio adierazpenak Gabirondok. Atzo identifikatu zuten hilda aurkitutako lehen biktima. Rebollo kolonbiarra zen jatorriz, eta 40 urte zituen. Bilbon bizi diren kolonbiarren komunitateak elkarretaratzera deitu du gaur hilketa salatzeko, 19:30ean, Arriaga plazan. Atzo, igandean jipoituta aurkitu zuten emakume nigeriarra hil zen.

Ikerketak luze joko duela azaldu du Gabirondok. Aguilar atzotik Basauriko espetxean dago, epailearen aurrean deklaratu ondoren. Gabirondok esan du ikerketa hasi besterik ez dela egin, baina aste honetan Aguilar ibiltzen zen lekuak miatuko dituztela. "Ustezko erasotzailearen dokumentazio guztia atzeman dugu, datu baseak, diskoak eta informazio digitala. Hori guztia sakon eta denborarekin aztertu behar da. Ondorioz, asteak beharko ditugu atxilotuaren ibilbidea ezagutzeko", esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.