ATXILOKETA

Ertzaintzak gazte bat atxilotu du Zornotzan, kale erasoekin zerikusia duelakoan

Igor Zearretak 2005eko martxoan Soraluzen izandako istiluekin lotura duelakoan eman du atxilotze agindua Auzitegi Nazionalak. Ertzainek Ajangizko bere lantokira eraman dute, miaketa bat egiteko. Zearretaren lankideek salatu dute miaketa ez dela legezkoa izan.

2010eko urriaren 28a
15:39
Entzun
Jaurlaritzako Barne sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak Igor Zearreta Garai gaztea atxilotu du bart Soraluzen orain dela bost urte gertatu ziren kale erasoekin zerikusia duelakoan. Zehazki, 2005eko martxoan Soraluzen izan ziren istiluetan parte hartzea leporatzen diote. Atxilotze agindua Espainiako Auzitegi Nazionalak eman du.

Zearretak Ajangizko Maier enpresan egiten du lan eta atxilotu ostean hara eroan dute bere armairua arakatzeko. Enpresako zenbait langilek agerraldia egin dute 12:30ean, lantegiaren aurrean. "Ertzaintzaren inpunitatea" salatu dute eta enpresan egindako miaketa "ez-legezkoa" izan dela gaitzetsi dute, "ez dutelako inolako epai agindurik erakutsi". Lankidearen egoeraz "kezkatuta" agertu dira; "inkomunikazioaren beldur gara; horrek berekin dakarren inpunitate egoeraren beldur, hain zuzen".

Miaketa egitera sartu diren poliziek, gainera, langileak kolpatu dituztela esan du Maierreko beharginek, eta erregistroa lekukorik barik egin dutela kritikatu dute.

2005eko martxoan hainbat istilu izan ziren Soraluzen, Juan Jose Urrutia ETAko kidearen heriotza salatzeko manifestazio baten ondoren. Urrutia Uruguain hil zen. Ertzaintzaren arabera, "erabat koordinatuta" burua estalita zuten pertsona talde batzuek molotov koktelak bota zituzten Ertzaintzaren furgoneta baten aurka, baita BBVA banketxearen egoitzaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.