Ertzaintzak 32 urteko gizon bat atxilotu du Barakaldon bere bikotekidea jo duelakoan. Emakumeak adierazi duenez gizonezkoa edanda zegoen eta ez da erasotzen duen lehen aldia izan.
Herrizaingo Sailak jakitera eman du emakumeak atzo 20:00ak aldera deitu zuela laguntza eskatuz bere bikotekideak jo zuela-eta. Ertzaintzaren arabera emakumezkoak ubelduak eta zauriak zituen eta, horregatik, ustezko erasotzailea atxilotu zuten.
Azken egunetan beste lau gizon atxilotu dituzte Hego Euskal Herrian genero indarkeriari lotuta.
Hiru gizon foruzainek atxilotu dituzte, Nafarroan: Noainen, Tuteran eta Erriberan. Aurreko ostiralean izan zen azken atxiloketa hori; amari tratu txarrak ematea leporatuta atxilotu zuten gizona. Gizona atxilotzeko unean andrazkoak aditzera eman zuenez, ohikoak izan dira semeak eman izan dizkion tratu txarrak. Noaingo atxiloketa, berriz, andrazko batek bikotekide ohiak jo egin zuela esplikatu ondoren egin zuten; Tuterako kasuan, berriz, emakumezko batek salatu zuen senarrak jo egin zuela.
Bilbon, herenegun atxilotu zuten gizonezko bat bikotekideari eraso egitea egotzita. Ustez erasoa jasan zuen emakumeak udaltzainei aditzera eman zien lepotik heldu ziola gizonak, bultzatu egin zuela eta astinduaren ondorioz erori egin zela; mesanotxearen kontra kolpea hartu zuen. Basurtuko erietxera eraman behar izan zuten andrea.