Gizon batek emakume bat bortxatu egin zuen joan den asteartean, Donostiako Aste Nagusian. 03:00 inguruan egin zion eraso, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi duenez. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen erasotzailea atzemateko, eta gaur gizonezko bat atxilotu dute, bortxaketaren egilea izatea leporatuta.
Atxilotua Ertzaintzaren polizia etxe batean dago, eta, identifikatua izan ondoren, epailearen esku utziko dute.
Jon Insausti Donostiako Jaietako zinegotziak azaldu du udalak mezu bat zabalduko duela, bozgorailu bidez, hiriko jaiguneetan, emakumeen kontrako sexu erasoak salatzeko.
Ertzaintzak beste bi gizon atxilotu zituen, atzo, Donostian sexu abusuak eta lesioak egotzita. Donostiako Udalak elkarretaratzea egin zuen eraso hori salatzeko. Donostiako Piratek, berriz, asteartean 11 sexu eraso izan zirela salatu zuten. Piratek bertan behera utzi zuten asteazkeneko egitaraua, erasoak gaitzesteko. Manifestazio jendetsua egin zuten, mugimendu feministarekin batera. "Erantzukizuna" hartzeko eskatu zioten udalari.
Horrez gain, Ertzaintzak Olivier Verdon Alaveseko jokalaria atxilotu du, gaur, bere bikotekidea jotzeagatik.