Berria.info-ri lekukoek agertu diotenez, honako lekuetan sartu da gaur Ertzaintza: Donostiako Suhazi jatetxean, Bilboko Bilbo Zaharra auzoko Goizalden, Debako (Gipuzkoa) Arranon, Elorrioko (Bizkaia) Portalekun, Lezoko (Gipuzkoa) Tiñelun, Ugaon (Bizkaia), Zaldibiko (Gipuzkoa) Joxepanen, Zumaian (Gipuzkoa), Getarian (Gipuzkoa), Hernaniko (Gipuzkoa) Bildu Hernani plataformaren egoitzan eta Garin tabernan, Lazkaon (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa) eta Azpeitian (Gipuzkoa).
Bilbo Zaharreko Goizalde herriko tabernara, adibidez, goizeko bederatzietan joan dira lehendabizi ertzainak. Itxita zegoen, eta han inguruan zeuden batzuei onez edo txarrez barrura sartuko zirela ohartarazi diete. Hamarrak aldera itzuli dira berriro; ordurako irekita zegoen eta barrura sartu dira inbentarioa egitera.
Ugaoko (Bizkaia) herriko tabernan labur egin dute inbentarioa: 20 bat minutuz egon dira. Zaldibian (Gipuzkoa), berriz, 10:30etan sartu dira ertzainak Joxepane ostatura. Lekukoek BERRIA.INFOri agertu diotenez, plaza osoan zabaldu dira ertzainak eta "jarrera harroa" agertu dute. 40 bat lagun bildu dira atarian protestan. Ordubetez inbentarioa egiten aritu, eta joan egin dira.
Azpeitiko Orkatzera arratsaldean joan dira: abokatuari eta elkarteko kide bati inbentarioaren lekuko izateko aukera eman diete. Halaber, jendeari barruan egoten utzi diote.
politika
Ertzaintzak "inbentario lanak" egiten jarraitzen du gaur hainbat elkartetan
Azken bi egunetan Ertzaintzak eta Guardia Zibilak 60 elkarte inguru miatu dituzte azken bi egunetan Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz. Ertzaintzak "inbentarioa" egiten jarraitzen du gaur hainbat elkarte eta ostatutan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu