Ertzaintzak indarrez galarazi du gaur D3Mk Bilbon manifestazioa egitea

Demokrazia Hiru Milioi plataformak 17:30erako deitutako manifestazioa egitea eragotzi du Ertzaintzak, Garzon epailearen aginduz. Abiapuntua, Aita Donostia plaza, ertzainez josita egon arren, jendetza bildu da Casilla eta Autonomia kale inguruetan, manifestazioa debekuen gainetik egiteko asmoz. 18:00etan abiatu dira manifestariak, nola hala eta tentsio handiaren artean. Baina ertzainek kargatu egin dute, eta jendea sakabanatu eta beste kaleetan egin ditu bat-bateko manifestazio txikiak. Uneotan istiluak gertatzen ari dira Bilboko erdiguneko kaleetan. Hiru lagun atxilotu dituzte.

2009ko otsailaren 14a
19:22
Entzun
Gaurko D3Mk Bilbon deitua zuen manifestazioa Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo debekatu arren, deialdiari eutsi egin dio D3Mk. 17:30ean zen hastekoa manifestazioa, Aita Donostiatik, Demokrazia orain lelopean, baina 17:50ean oraindino hasi barik zegoen, Aita Donostia plaza ertzainez josita zegoelako. Jendetza bildu da, halere, Casilla eta Autonomia kale inguruetan, manifestazioa debekuen gainetik egiteko asmoarekin. 18:00etan abiatu dira manifestariak ondoko Areiltza Doktorea kalean behera, nola hala eta tentsio handiaren artean. Baina ertzainek kargatu egin dute, eta jendea sakabanatu. Uneotan istiluak gertatzen ari dira Bilboko erdiguneko kaleetan. Gran Via/Bidezabal kaleraino iritsi dira manifestazioa egiten saiatu diren batzuk, pilotakada eta borrakadetatik itzuri. Hiru lagun atxilotu dituzte, Euskadi Irratiaren arabera.

BERRIA.INFO-k jakin duenez, gaurkoan polizia indarrek ez dute errepide kontrolik jarri bide nagusietan, ez A-8 autobidean, bederen. Bilboko Autonomia kalera eta ondoko Casilla plazara bertaratu diren herritarrek, ordea, ezin izan dute beren asmoa libreki bete, Ertzaintzak, Garzonen aginduari men eginez, kaleak hartu dituelako, ezker abertzaleko iturriek salatu dutenez. Gainera, airetik zelatatzen ditu oraindik manifestazioan irten nahi izan duten herritarrak. Hauek oihuka aritu dira, "demokrazia eza" salatuz, eta EAJren kontrako leloak zabalduz: PNV español!, In-de-pen-den-tzia!, eta Borroka da bide bakarra! dira, besteak beste, oihukatzen aritu diren leloak. D3M plataformaren boto paperak eskuetan, eskuak altxatuta, erakutsi dituzte milaka lagunek.

Ertzainak oldartu direnean manifestariak sakabanatu dira, eta multzo handi batek 500 bat metro errekorritu ondoren, Autonomia kalean behera. 18:20 aldera Eusko Gudariak kantatuz amaitutzat eman dute euren saioa manifestari batzuek. Beste herritar asko inguruetako kaleetan, Indautxu auzoan barrena, barreiatu dira, pilotakada eta borrakadetatik ihesi. Kale horietako batzuetan bat-bateko manifestazio txikiak egin dituzte, baina horiek ere jazarri ditu Ertzaintzak.

Gazte batzuk zabor edukiontziak kaleetan gurutzatzen hasi dira, ertzainei aurre egiteko eta hauen ibilgailuak igaro daitezen eragozteko. Halako batean liskarra piztu da horretan ziharduten batzuen eta telebista kameralari eta argazkilari baten artean. Edukiontziak nola gurutzatzen zituzten grabatzen ari zirela leporatuta, haiei irudiak emateko exijitu diete. Tirabiraka ibili dira eta argazkilariari kamera kentzea lortu dute, ez, ordea telebista kameralariari. Beste iturri baten arabera, bi kamerak oratu, eta puskatu egin dituzte.

18:45ean oraindik kargak, lasterraldiak eta istiluak izaten ari ziren Bilboko erdiguneko kaleetan.

"Debekuak indartu du demokrazia exijitzeko beharra"

"Manifestazio honen debekuak berak indartu egiten du demokrazia exijitzeko beharra", esan dute gaur goizean antolatzaileek. Gainera, EAJri dei egin diote ez dezala "bere polizia Madrilgo aginduak betetzera" bidali. "EAJ egun hauetan hipokresia izugarriaz errepikatu du ezker abertzalearen jazarpenaren eta bazterketaren benetako helburua EAJri min egitea dela", salatu dute D3Mko ordezkariek. Horiek hala, "herri honetako abertzale, aurrerakoi eta demokrata guziei" gaurko manifestazioan parte hartzeko dei egin diete.

Pasa den larunbatean deitu zuten ekimena, eta Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak “orain arteko antidemokratikoenak” izango direla esan zuen Xabier Zubizarreta Herri Batasunako eta Euskal Herritarrokeko kide ohiak eta Arrasaten (Gipuzkoa) alkate izandakoak. “Klase politikoaren gehiengoaren konplizitatea salatu nahi dugu”, adierazi zuen, era berean.

Azkeneko urteetan Espainiako Justiziak 600 alderdi politiko edo hautesle elkarte legez kanporatu edo baliogabetu dituela gogoratu zuten.

Haien ustez, EAJk eta PSOEk 1998an Lizarra-Garazirekin esparru politikoa aldatzeko asmoz zabaldu zen aroa bukatu nahi dute.

D3M, hauteskundeetan

"Debekuak debeku, oztopoak oztopo, martxoaren 1ean milaka eta milaka boto independentista eta aurrerakoi zenbatu behar izango dituzte, nahi edo nahi ez". Miren Legorbururen ahotik, D3Mkoek atzo jakinarazi zuten Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde egunean euren botopaper horiek presente egongo direla hautsontzietan. Ez abstentziorik, ez baliogaberik, "balio duten botoak" baizik, Julen Aginako D3Mko kideak esan duenez.

"Espainiako Estatuan botere judizialaren eta legegilearen arteko banaketa mito bat da, gezur hutsa", esan zuen Legorburuk atzo zerrenden baliogabetzeen inguruan. D3Mkoek adierazi dute babes eske joango direla Estrasburgora eta helegitea aurkeztuko dutela han. "Itxaropena dugu arrazoia emango digutela".

Konstituzionalaren erabakiak "ez du betetzen Nazio Batuen baldintza bakar bat ere", Aginako hautagaiaren hitzetan. "Ez froga sendorik, ez neurridunik, ez proportzionalik, ezta berme judizialik ere, eta, gainera, parte-hartze politikorako eta hautatua izateko oinarrizko eskubidea urratzen du". Sententzia Poliziaren txostenaren transkripzio hutsa dela esan du; "fotokopia". Aginakoren ustez, egindako delitu bakarra «hauteskundeetara aurkeztu nahi izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.