ATXILOKETA

Ertzaintzak Jone Amezaga atxilotu du Gernikan eta epailearengana eraman

Kalera irten da gaur ere gaztea, eta haren bila joan dira dozenaka ertzain Merkatu plazara. Ertzainen indarkeria maila salatu dute lekukoek. Busturialdeko Hitzak jakinarazi duenez, zaurituak utzi ditu Ertzaintzak: 95 urteko andra bat merkatu plazan bertan artatu behar izan dute, hankan zauri bat eta besoa apurtuta zuelako. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, berriz, Ertzaintzaren lana defendatu du.

Jone Amezaga atxilotzen duten unea. ARGAZKI PRESS
2014ko abenduaren 15a
07:35
Entzun

Larunbatean irten zen plazara Amezaga, hainbat egunez gordeta egon ostean. Eskerrak eman zizkien Gernikara babesa agertzera hurbildutakoei: "Zuek izan zarete iluntasunetik argitasunera pasatzeko aukera eman duzuenak" (Bideoa: Busturialdeko Hitza).

[Youtube]http://youtu.be/YXK9RqGry9Y[/Youtube]

Gaur ere plazara atera da, eta Merkatu plazan zela, dozenaka polizia joan dira haren bila. Minutu gutxi eman dituzte ertzainek Amezaga atxilo hartzeko. Sare sozialetan, Poliziaren indarkeria maila salatu dute atxiloketa bertatik bertara jarraitu duten hainbatek. Bultzaka eta kolpeka atera dute Amezaga jende artetik, eta kalez jantzitako ertzainek borra hedagarriak erabili dituzte. Operazioan Ertzaintzak 94 urteko emakume bat zauritu dutela salatu dute.

Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkidea Merkatu plazan zen atxiloketaren unean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila egin du atxiloketaren erantzule, eta hura sustatzea egotzi dio. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak argudiatu du Ertzaintzak bere "eginbeharra" bete dutela Amezaga atxilotuta eta epailearen esku utzi dutela, "Auzitegi Nazionalak agintzen zuen legez".

Ertzaintzak epailearen aurrera eraman du Amezaga, Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez. Espainiako Auzitegi Nazionalak eman zuen atxilotzeko agindua azaroaren 25etik eta geroztik ezkutuan egon da. Pasa den larunbatean kalera atera zen berriro. Gaur 20:00etarako manifestaziora deitu dute Merkurio plazatik abiatuta, Konponbideari erasorik ez, Jone libre nahi dogu lelopean.

[Youtube]http://youtu.be/7MYS5CiY_gU[/Youtube]

Amezagaren bideo bat argitaratu dute atxiloketaren ostean. Asteburuan bertaratutakoei esan die horiek egin dutela posible Amezagak "egun hauek Gernikan libre bizi ahal izatea". Gainera, "konpromisoak biltzen" jarraitzera deitu du, "epaiketa politikoen kontra".

Espainiako Auzitegi Nazionalak urte eta erdira zigortu zuen Amezaga azaroaren 25ean "terrorismoa goratzea" egotzita. Hori ebazteko froga nagusia pankarta bati eusten zion zeloan topatutako hatz marka bat izan zen. Epaia berretsi ondoren, hamar eguneko epea eman zioten espetxean aurkezteko, baina Ertzaintzak hala eskatuta epe hori kendu zioten. Horren ondorioz hartu zuen ezkutatzeko erabakia, eta Jone Libre plataformak eman dio babesa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.