Ertzaintzak Kukutza hustean izandako jokabidearen aurka 30 salaketa jarri dituzte

Kukutzako Asanbladak eta Salhaketak «beharrezkotzat» jo dituzte salaketak, ardurak eskatzeko

Herenegun salaketa jarri zutenetako batzuk. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bilboko Errekalde auzoko Kukutza gaztetxea hustu eta eraistean Ertzaintzak izandako jarrera «bortitza» jasandako 30 bat pertsonak salaketa jarri dute Bilboko epaitegietan. Herenegun izan zen. Kukutzako Asanbladak eta presoen eskubideen aldeko Salhaketa taldeak bultzatu dute ekimena.

Bi elkarteek emandako datuen arabera, 67 atxilotu eta 100dik gora zauritu izan ziren gaztetxearen hustea eta eraistea salatzeko ekimenetan. «Salaketa judiziala funtsezkoa da, ekintzen autore diren ertzain horiei ardura penalak eskatzeko. Ez dugu nahi horrelako jarrerakzigortu gabe geratzea. Ostean, ardura gehiago eskatu beharko dizkiegu beraien mando polizial eta judizialei», azaldu zuten.

Egun haietan zaurituak izan zirenen artean daude masailezurra apurtu zuen neskato bat eta metakarpoa apurtua zuen beste bat, besteak beste. Zauritu eta atxilotuei laguntza eta aholkularitza eskaini diete Kukutzako Asanbladak eta Salhaketak.

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak hasieratik defendatu zuen ertzainen jokabidea «proportzionala, profesionala eta neurtua» izan zela, eta «harro» zegoela haiek egindako lanaz.

Auzotarrek, ordea, istiluak ikertzeko eskatu zuten. Besteak beste, Amnesty Internationali egin zioten eskaria. Gertatutakoaren «bultzatzaile eta arduradun politiko» jo zituzten Ares bera, eta Iñaki Azkuna alkatea. EAEko ararteko Iñigo Lamarcak ere dosierra zabaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.