Ertzaintzak 23 eta 29 urte bitarteko lau pertsona atxilotu ditu goizaldean Bilbon, agintaritzaren aurkako delitua egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, COVID-19aren aurkako osasun arauak urratzeagatik identifikatzera joan zaizkien ertzainei eraso egitea leporatuta atxilotu dituzte. Goizaldeko 03:30ak aldera izan dira istiluak, Bilbo Zaharra kalean. Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, ertzainek hainbat pertsonari ohartarazi die ez zirela osasun neurriak errespetatzen ari, eta, identifikatzera hurbildu direnean, haietako batzuek eraso egin diete. Ertzaintzaren errefortzu gehiago iritsi dira tokira, eta poliziek lau lagun atxilotu dituzte. Atxilotutakoei agintaritzaren aurkako atentatu delitu bat egotzi diete; beste bati desobedientzia delitu larria ere leporatu diote. Atxilotuak Bilboko Guardia Epaitegiaren esku geratu dira, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Istilu horiek gaitzetsi egin ditu Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, sare sozialetan. Azpimarratu du ezinbestekoa dela halako istiluak «denok aho batez» alboratzea, eta ezker abertzaleari zuzendu zaio, istiluak gaitzetsi ditzan eskatuz. Gogoratu du duela egun batzuk EH Bilduk ez zuela babestu Donostian izandako istiluen harira udalak hitzartutako gaitzespena. Gainera, aste honetan bertan «akusazio larriak» jaso dituztela salatu du Urkulluk: «Bakearen etsaiak garela esan digute ongietorriak kritikatu ditugunean».Lehendakariaren ustez, adierazpen horiek «onartezinak» dira, eta ez dute laguntzen bizikidetza eraikitzen.
Iruñean atxilotuak
Bestalde, udaltzainek 11 pertsona atxilotu dituzte goizaldean Iruñean, Alde Zaharrean izandako istiluetan. Halaber, zortzi udaltzain zauritu dituzte istilu horietan, Iruñeko Udaltzaingoak jakitera eman duenez. Poliziek alde zaharreko hainbat gune hustu dituzte, jende pilaketengatik, eta, Udaltzaingoaren arabera, hainbat pertsonak objektuak jaurti dizkiete poliziei.