Ertzaintzak Aitor Fernandez, Irantzu Yaldebere, Urtzi Martinez eta Jon Telletxea gazte bilbotarrak atxilotu ditu gaur Bilbon, martxoaren 29ko greba orokorrean Buenos Aires kalean izandako istiluetan bi ertzaini eraso egitea leporatuta.
Fernandez etxetik irtetean atzeman dute, Bilboko Brankak bere webean dioenez. Yaldebere adingabea da, eta behin-behinean aske utzi dute; baliteke etzi epaiketa azkar bat egitea.
Greba orokor hartan istiluak izan ziren Ertzaintzaren eta Buenos Aires kalean eguerdiko manifestazioarekin bat egitera zihoazen hainbat lagunen artean. Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren hormetan grebaren aldeko pintaketak egiten ari ziren hainbat lagun atxilotzera irten ziren epaitegi barruan zeuden ertzainak, eta jendeak harriak jaurti zizkien, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi zuenez. Bi ertzain artatu egin zituzten.