Gipuzkoako SOS Ostalaritzako kideek haserrea erakutsi dute Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan: atean kateatu dira bost lagun, eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa «eskasa» salatu dute. Ertzaintza bertaratu da, eta, kateak kendutakoan, atxilo eraman ditu ostalariak. Kateatutakoei babesa adieraztera joan diren kideen eta Ertzaintzaren artean liskarrak sortu dira, eta ertzainek istiluen aurkako materiala erabili dute haien aurka.
Ostalaritzaren mobilizazioek arnasa luzea dute. Gaurkoan ere, salatu dute Eusko Jaurlaritzak ostalaritzari leporatzen diola pandemiaren eboluzioa, beren ustez «ostalaritza baita zigortzen duten sektore bakarra, eta laugarren olatua saihesteko egindako kudeaketa txarraren errua botatzen baitiote».
Horren harira, laguntzak eskatu dizkiete agintariei, zorpetzen jarraitu behar ez dezaten. Izan ere, salatu dute orain arte jasotako laguntzak ez direla nahikoa izan. Bestalde, gogoan izan dute maiatzaren 9an bukatzen dela Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoera, eta ordutik aurrera zer neurri jarriko dituzten galdetu diete agintariei.
Bilbon ere egin dute mobilizazioa, Sabin Etxean, EAJren egoitzaren parean. Datozen egunetan mobilizazio gehiago egongo direla aurreratu du plataformak.