Azaroaren 25ean izendatu zituzten Ertzaintzako buru berriak, eta, horien artean, Antonio Fontañak hartu zuen zirkulazioaren ardura. Egun gutxira, El Correo egunkariak zabaldu zuen Fontaña 2008. urtean zigortu egin zutela, berari jarritako isun bat faltsutu zuelakoan.
Autoarekin azkarregi joateagatik ezarri zioten isuna; ertzainak argudiatu zuen ez zela bera une horretan gidatzen ari zena eta horregatik faltsutu zuela isuna. Trafiko Zuzendaritzak, ordea, ez zuen haren bertsioa onartu, eta Ertzaintzak kargutik kendu zuen, harekiko konfiantza galdu ostean.
Fontaña Ertzaintzako Idazkaritza Nagusiko buru izango da aurrerantzean. Iñigo Ibarrak zuen ardura hori, baina Ibarrak berak ordezkatuko du Fontaña zirkulazioaren buruzagitzan.