Andrearen hilotza agertu eta bost hilabetera, gazte batek Adingabeen Fiskaltzarenean aitortu du Amaia Azkue hil zuela. Gaztearen adierazpenei erabateko sinesgarritasuna eman die Ertzaintzak, eta adierazi du bildutako frogek ere hori bera azaleratu dutela: 17 urteko gazte batek hil zuela Azkue, 39 urtekoa. Herenegun arratsean jo zuen gazteak erruduntzat bere burua, auzitegian aurkeztuta. Aurrez, goizean, Ertzaintzarenean egona zen, deialdia jasota.18 urte egiteko ordu batzuk baizik ez zituen falta; adin nagusikoa da atzoz gero. Lapurreta saioa izan zela berretsi du Poliziak. Kasua sekretupean dago, eta mutila, adingabeentzako egoitza batean.
Martxoaren 16tik, Azkue hilik agertu zen egunetik, susmagarri batzuen arrastoan ari ziren 30 bat ikertzaile; horien artean, bere burua errundun jo duen gaztea. Azpeitia inguruan ari zen Polizia hiltzailearen bila, paraje haiek ondo ezagutu behar zituelakoan. Nuarbeko Ibar-Eder lakuan (Azpeitia, Gipuzkoa) aurkitu zuten hilotza.
Azken egunetan ikerketek Azpeitiko gaztea zeukaten begiz jota. Ertzaintzak jakinarazi du «ebidentzia» batzuk eskuratu dituela oraindik orain, eta gehitu du herritarrek emandako informazioa «erabakigarria» izan dela. Poliziak herenegun goizean egin zuen urratsa: Azkoitiko polizia etxera joateko deia egin zion gazteari. Aitarekin eta abokatuarekin agertu zen. Galdeketa egin zioten hilketaren inguruan, eta aske atera zen polizia etxetik. Kontraesanak ikusi zizkioten.
Arratsean, ordea, gazteak berak eman zuen pausoa: Donostiako auzitegira joan zen bere kabuz, Adingabeen Fiskaltzarenera,. Han aitortu zuen baietz, Amaia Azkue hil zuela iragan martxoaren 16an. Berri agentzien arabera, hilketari buruzko bestelako xehetasunik ez zuen eman: kolpeak eman zizkiola andreari, eta hil egin zuela. Indarkeria arrasto nabariak ageri zituen Azkueren gorpuak. Auzitegiko iturrien arabera, mutilak damua agertu du egindakoagatik, eta adierazi zuen horregatik aurkeztu zuela bere burua Fiskaltzan.
Kasua erabat ixteko dago, hala ere. Hainbat hedabidek jakinarazi dute gaztearen adierazpenetan ez datorrela bat guztia. Ertzaintzak gaztearen Azpeitiko etxea miatu du, eta jakinarazi du «ebidentzia gehiago» aurkitu dituela. DNA probaren zain daude orain; Azkueren hilotzean eta autoan agertutakoa alderatuko dute gaztearenarekin, eta, ados baldin badatoz, itxitzat joko dute kasua.
Autostopean hartu zuen
Martxoaren 16ko eguerdi partean gertatu zena zehaztu du dagoeneko Ertzaintzak. 13:00 aldera ikusi zuten azkenekoz, denda batean; 13:20an, A-8 autobideko Zarauzko ordainlekuko (Gipuzkoa) kamera batek hartu zuen autoaren irudia. Pertsona batekin zegoen.
Poliziak dio Azkuek autostopean hartu zuela gaztea, Zarauztik Azpeitira eramateko. Bidean, ordea, betiere Ertzaintzaren arabera, mehatxu egin zion adingabeak emakumeari, gainean zeramatzan ondasunak eta bankuko txartelak kendu zizkion, eta hil egin zuen kolpeka. Gero, andrearen beraren autoan, Ibai-Eder lakura eraman zuen hilotza, eta han laga zuen, eskuak lotuta. Arratsaldeko lehen ordua zen, eta aurki eman zuten Azkueren desagertzearen berri, alaben bila ez baitzen agertu ikastetxera.
Lapurretaren susmoak indarra hartu zuen, hilketaren egunean bertan Azkueren bankuko kontutik dirua ateratzen saiatu baitziren Azpeitian. Bi egunera, Zarautzen egin zuten ahalegina.
Mutila adin nagusikoa da atzotik, baina, Azkue ustez hil zuenean adingabea nola baitzen, hori kontuan izanda epaituko dute. Horrenbestez, aldatuko dira gauzak: gehienez ere zortzi urteko espetxe zigorra izango du —gero zaintzapean izan ahalko dute aldi batean—, eta epaiketa bestelako kasuetan baino azkarrago egingo diote; albiste agentzien arabera, litekeena da udazkenean bertan egitea, gorabeherarik gertatzen ez bada behintzat. Argitzeko dago, ordea, zigorra espetxean edo adingabeen zentro batean bete beharko ote lukeen, jada bai baititu 18 urte. Oraingoz, adingabeentzako Zumarragako egoitzan (Gipuzkoa) daukate sartuta.
Hilketak zirrara handia eragin zuen Urola Kosta inguruan, oso ezaguna baitzen Azkue; sortzez Oriokoa zen, Zarautzen egiten zuen bizimodua eta Getarian bizi zen. Ertzaintzak berak aitortu du herritarren laguntza izan duela denbora honetan, askok hots egin dutela informazioa helarazteko. Bere burua hiltzailetzat jo duen gaztea ingurukoa izateak ere eragin du zalaparta inguruan, batez ere mutilaren herrian, Azpeitian. Hizketarako beste gairik ez zen atzo. Familia ezagun bateko semea da. Lehenago ere aurrekariak bazituen, lapurretengatik eta; ordea, azpeitiarrek harridura handiz hartu zuten hilketa baten egile izatea herriko gaztea.
Zarauzko Udalak ohar bidez nahia agertu du auzia ahalik eta azkarren argitzeko. Justizia eskatu du. Gainera, nabarmendu du kasuak «garrantzia» baduela, eta iragarri du ez duela zurrumurruei buruz ezer esango, «alarmarik» ez sortzeko. Azkue zenaren senideei babesa helarazi die.
Ertzaintzaren frogek ere berretsi dute adingabeak hil zuela Azkue
Gazte batek Adingabeen Fiskaltzara joanda aitortu du Amaia Azkue hil zuela martxoan; 18 urte egiteko bezperan azaldu da auzitegiraErtzaintzak adierazi du lapurreta egitea zela gaztearen helburua eta gero hil zuela andrea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu