Behatokiak azaldu duenez, lan deialdi horretan Ertzaintzako 370 postu betetzeko oposizio bidezko lehiaketa egin da. Horietatik guztietatik %29,73ak besterik ez du betetzen lehen hizkuntza-eskakizuna.
Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak agertu duenez, 1998an onartu zen Ertzaintzaren hizkuntza normalizaziorako dekretuaren arabera 2008.urtea baino lehen lanpostuen %40,74ak euskararen derrigorrezko ezagutza izan beharko luke. "Eskuartean ditugun datuen arabera egun %26ak bakarrik du egiaztatuta lehen hizkuntza-eskakizuna", azpimarratu du Bilbaok.
Behatokiko zuzendariak azaldu du edozein hizkuntzatan zerbitzua emateko gaitasuna duen bakarra langile elebiduna dela. "Hortaz, langile elebakarrak kontrataturik, hizkuntza eskubideak urratzeko aukerak zabalduko dituzte", azpimarratu du Bilbaok. Era berean, Behatokiak adierazi duenez, urteotan egindako diagnosietan arazoak izan dira Ertzaintzarekin: "Hainbat kasu larri bideratu behar izan ditugu ertzainekin euskara erabili nahi eta ezin izan duten herritarrei buruz". Askotan, ertzainekin euskaraz egin nahi izateagatik herritarrek "tratu zakarra" pairatu behar izan dutela adierazi du Bilbaok.
Euskaldunei euskara erabiltzeko egiten zaizkien deiei buruzko gogoetarekin amaitu du agerraldia Behatokiko zuzendariak: "Euskara erabiltzeko eskatzen zaigu euskaldunoi; nola erabiliko dugu zerbitzua eman behar diguten lengileei hizkuntza-gaitasun egokia esakatzen ez bazaie?"
Hizkuntza eskubideak
Ertzaintzaren lan deialdian hizkuntza eskubideak urratzeko aukera zabaltzen dela salatu du Behatokiak
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu duenez, 2006an Herrizaingo Sailak argitaratutako lan deialdiaren ondorioz hizkuntza eskubideak urratzeko aukera zabaltzen dela salatu du. Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok eta Arantza Aranburu kudeatzaileak agertu dutenez, Ertzaintzaren lan deialdian "ez baita beharrezkoa den hizkuntza-eskakizuna betetzen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu