ESA URTEGIA HANDITZEKO PROIEKTUA. Ingurumen baimena eman diote Esako urtegia handitzeko obrari

Ingurumen Ministerioak zehaztu du mendi hegalen egoera eta egitasmoaren «kalitate teknikoa» aztertzea ez duela eskumeneko. Ingurumen kaltea gutxitu eta Sigues herria ez dela urperatuko diote lanen sustatzaileek

mikel p ansa
2010eko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Esako urtegia (Aragoi, Espainia, eta Nafarroa artean) handitzeko egitasmo berrituak jaso du ingurumen baimen integratua Espainiako Ingurumen Ministerioaren eskutik. Urtegia handitzeko egitasmoak aurrera egiteko beharrezko zuen azken baimena zen hori, eta hiru urteko itxaronaldiaren ostean iritsi da. Cedex Herri Lanen Esperimentazio eta Ikerketarako Zentroaren txostena jaso zuen ingurumen ministerioak uztailean, eta, horren atzetik, joan den larunbatean argitaratu zen ministerioaren erabakia BOE Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Azterketa geoteknikoa egin du Cedexek, luiziak baitira urtegia handitzeko egitasmoaren kezka handietako bat. Ingurumen Ministerioak azaldu du ez dagokiola berari proiektuen «kalitate teknikoa» eta segurtasuna aztertzea. Hala ere, ministerioak jakinarazi du hainbat txosten eskatu dizkiola Cedex erakundeari, Espainiako Geografia Institutuari eta Espainiako Geologia eta Meatzeen Institutuari. Erakunde horien oniritziak jaso eta gero argitaratu du baimenari buruzko erabakia.

Nolanahi ere, hainbat gomendio egin dizkie ministerioak obraren sustatzaileei, luiziak izan dituen mendi magalari eusteko. Txostenak jasotzen du Esa handitzeko lanek luizi gehiago sor ditzaketela, batik bat Melida mendiaren magaletan. Baina ministerioak zehaztu du urtegia handitzeko lehen egitasmoak 1999an jaso zuen ingurumen baimeneko baldintzak ezar dakizkiokeela egitasmo berriari, azken egitasmoko handitze lanak txikiagoak direlako: «Pentsa liteke, beraz, gerta litezkeen presio geologikoak ere txikitu egingo direla».

Egungo urtegiak 488 metroko garaiera du, itsasoaren mailatik hartuta. 1983an eman zen urtegia handitzeko asmoaren berri, eta hiru urte geroago aurkeztu zen lehen obra egitasmoa. Urtegiari 521 metroko garaiera ematea eta ur edukiera hirukoiztea proposatu zen orduan. 1999an, ingurumen baimena jaso zuen proiektu hark, eta 2001ean, lehen lanak egiten hasi ziren. Urtegi inguruko zenbait bide eta egokitzapen egin ziren, baina proiektua hiru aldiz berridatzi da 2002az geroztik; hainbat erakundek auzitara eraman dute proiektua, eta herritarrek 3.700 helegite baino gehiago aurkeztu dizkiote. Mendi hegaletan sortutako pitzadurak direla medio, gainera, atzeratu egin dira lanak.

Obraren sustatzaileek 2007an idatzi zuten azken egokitzapena, eta horrek jaso berri du ingurumen baimen integratua. Urtegiaren garaiera 511 metrokoa izatea proposatzen du azken zuzenketa horrek. Hartara, Sigues (Zaragoza) herria ez da urpean geldituko; obraren arduradunen arabera, gainera, ingurumen eragina murriztu egingo da. «Babestutako eremuei egingo dien kaltea oso neurri txikikoa izango da, eragindako azalerak oso txikiak baitira [...]; 511 kotatik beherako habitaten %1 soilik dago Natura 2000 sarean», azaldu du obraren sustatzaileak, helegiteei erantzunez.

Arriskutsua izaten jarraitzen duela salatu dute

Obrarekin jarraitzeko emandako erabakiei helegiteak jartzeko asmoa duela adierazi du Rio Aragon elkarteak
M. P.

Esako urtegia handitzeko proiektuak ingurumen baimen integratua jaso izana ez dela harritzekoa, baina albiste «txarra» eta «etsigarria» dela adierazi du Rio Aragon elkarteak. Urtegia handitzearen aurka dago taldea, eta salatu du, baimena jaso arren, luizien arriskua egiazkoa dela, eta Espainiako Ingurumen Ministerioaren erabakiak airean uzten duela puntu hori. «Proiektu honen segurtasunak oso zalantzazkoa izaten jarraitzen du», salatu du Rio Aragon elkarteko presidente Luis Solanak.

Ingurumen Ministerioaren erabakia aztertu zuen Solanak atzo. Ondare publikoaren eta ingurumen irizpideen gainetik, Solanak salatu du ministerioaren erabakian pisu gehiago izan duela «hormigoiaren politikak». Urtegia handitzeko proiektuak, 1999an, ingurumen baimena «presio politikoengatik» jaso zuela ohartarazi du, eta orain ere antzeko presioak sumatu ditu.

«Adituen iritziak» jasotzeko zain daudela jakinarazi du Solanak, zer egin erabakitzeko, baina aurreratu du proiektuaren aurka egiten jarraituko duela Rio Aragon elkarteak. Proiektuaren onarpen teknikoaren edo ingurumen baimenaren aurka, aztertuko dute nola, baina helegitea aurkeztuko dutela ziurtzat jo du. Horrekin batera, kritikatu du erabakia abuztuan jakinaraztea, «erreakzionatzeko zailago den garaian».

Gakoak

1. Jatorria. 1980ko hamarkadakoa da Esa handitzeko egitasmoa. Hasieran pentsatu zen Irunberriko arroilan urtegi handi bat egitea. Gero aztertu zuten lau urtegi, txikiagoak, egitea Irunberrin, Aizpurgin, Agoitzen (Nafarroa) eta Berdunen (Aragoi). Agoizko egitasmoa Itoitzen gauzatu zen; eta Berdunen urtegi berria egin beharrean, Esa handitzea hobetsi zen.

2. Helburuak. Nafarroan, Bardeako ur hornikuntza eta ureztatzeak laguntzeko asmoa du egitasmoak. Zaragozako (Aragoi) ur hornikuntza ere bermatu nahi du. Aragoi ibaiaren ur emaria bermatzeko asmoa ere badute sustatzaileek. Energia hidroelektrikoa sortzeko aukera aztertzeko dago.

3. Jarduerak. Urtegia handitzeko lanez gain, hainbat jarduera jasotzen ditu proiektuak; besteak beste, urtegia handitzearen ondorioz kaltetuko diren errepideak konpondu eta bide berriak egitea. Urtegiak bi adar izango ditu, Aragoi ibaian barrena bata, eta Eska ibaian barrena bestea. Obren eraginez galdutako landaretza ere berreskuratuko dute, bertako landare eta zuhaitzekin.

4. Sigues. Lehen proiektuan ur azpian gelditzen zen Sigues Aragoiko herria, baina azken proiektuaren arabera ez; herria babesteko 515 metro luzeko dikea egingo dute, gainera.

5. Done Jakue bidea. Urpean geldituko dira Done Jakue bidearen zati batzuk. Obraren sustatzaileek 5,6 kilometroko ibilbide berria eraikiko dute, eta 3,5 kilometro egokituko.

6. Eremu babestuak. Urtegia handitzeko egitasmoak babestutako hainbat naturguneri eragiten die zuzenean: bi Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu eta hiru Batasunarentzako Intereseko Leku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.