Nafarroako Parlamentuko batzorde batean aurkeztu du lantaldeak Esako urtegiko lanen segurtasunari buruzko txostena. Haren arabera, "Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ez du zehaztasunez definitu urtegiaren eskuineko aldearen ziurtasun koefizientea", eta hura aztertzeko beharraz ohartarazi du, urtegia handitzerakoan nola erantzungo duen argitzeko.
Bestalde, idatziak jasotzen duenez, sismologia kalkulurako parametroak egungo araudiak proposatzen dituenaren azpitik daude, baita inguruko sismologia azterketa historikoen azpitik ere.
Horrez gain, gabeziak atzeman ditu lantaldeak urtegiaren larrialdi planean. Zangozako soinu alerten eraginkotasunari buruzko eta biztanleriaren ebakuaziorako beharrezko denboraren gaineko "zalantzak" agertu ditu.
Lantaldeak txostena aurkeztu duen batzordean izan da Maria Jose Beaumont Nafarroako Gobernuko Justizia eta Barne kontseilaria. Atsekabea adierazi du Espainiako Gobernuak ez dielako erantzun Nafarroako Gobernuak urtegiaren eskuin aldeari buruz helarazi dizkion informazio eskariei.