Eskaera eta opari zaparrada Bilbon

Ehunka ume eta gurasoren begiradapean zeharkatu dituzte Bilboko kaleak Olentzerok eta Mari Domingik. Galtzagorriak aritu dira txikienek idatzitako eskutitzak jasotzen. Espaloietan ilusioa zen nagusi, eta euriak ez zituen zapuztu umeen desioak.

Olentzero, atzo, umeak agurtzen Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2010eko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Mari Domingi galdu egin da Bilbon. Hala aitortu zuen bost metroko altuera zuen egurrezko antzara gainetik, Bilboko Olentzeroren etorreran.

«Eta Olentzero euriagatik ez bada etortzen?», galdetu zuen ume batek kezkatuta. Izan ere, ordubeteko atzerapenarekin zeharkatu zuen Olentzerok, egurrezko zaldi erraldoian eserita, Moiua plaza eta Arriaga arteko ibilbidea. Espaloietan ilusioa zen nagusi. Kaleetan ehunka aterki, eta Olentzero noiz etorriko zain mila begi. Eskariz blai.

Galtzagorrien bihurrikerien artean, joaldunek ireki zioten bidea kalejirari. Tarteka, baina, umeek Olentzerori idatzitako gutunak jaso zituzten. Ibilbide osoan zehar, umeekin jolastu eta menditik jaitsi berri ziren Olentzeroren eta Mari Domingiren karrozak mugitu zituzten. Barreak eta negarrak. Haur guztien artean bata zein beste eragin zituzten.

Ikazkinek, berriz, opariz eta barazkiz beteriko gurdia zeramatzaten idiak gidatu zituzten. «Idiak benetakoak dira, ez duzu ikusten nolako usaina duten?», erantzun dio guraso batek bost urteko umeari. Gabonen magia.

Sorpresaz blai

Arriagara heltzean, Iñaki Azkuna Bilboko alkateak egin zion harrera Olentzerori. Ez zen ezusteko bakarra izan. Izan ere, Nerbioi ibaiaren ertzeko laminen ikuskizunak Gabonek sortutako lilura lapurtu zien bertaratutakoei.

Gaur, Euskal Herriko etxe gehienek jasoko dute Olentzeroren bisita. Txintxoak izan direnek oparia jasoko dute, eta izan ez direnek ikatza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.