«Eskaintza propioa» izango du EAk Nafarroan

Hauteskundeetan, abertzale progresista eta ezkertiarren arteko elkarlana sustatuko duela agertu du

Erredakzioa
Iruñea
2011ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Udal eta foru hauteskundeetan Nafarroan «abertzale progresista eta ezkertiarren kolaborazioan oinarritutakoeskaintza propioa» eskainiko duela adierazi du Eusko Alkartasunak.Era berean, bakearekin eta normalizazio politikoarekin duen konpromisoa berretsi du. Maiatzeko hauteskundeetarako zerrendak «ixtear» dituela agertu du EAk.

Egoera politikoaz gogoeta egiteko, eta hauteskundeak prestatzeko asmoz, EAk lan bilera egin zuen atzo goizean Iruñean. Bileran alderdiko hainbat ordezkari bildu ziren, besteak beste, Maiorga Ramirez EAk Nafarroan duen idazkari nagusia, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia eta EAko presidente ohia, eta Koldo Amezketa, Aitor Etxarri eta Maria Luisa Mangado parlamentarioak.

EAk bukatzear ditu udal eta foru hauteskundeetara aurkeztuko dituen hautagaien zerrendak. Izenik eman ez duen arren,alderdiak jakinarazi du hauteskundeetara aurkeztuko duen proiektuak NaBairen hasierako espiritua berreskuratzea izanen duela helburu. «Bazterkeriarik gabe eta aniztasuna errespetatuz» sektore abertzale, aurrerakoi eta ezkerrekoen batasuna bilatuko dutela iragarri du.

Zerrendak ez eze, hurrengo legegintzaldirako hauteskunde programa ere bukatzear du EAk. Programaren lehentasunetako bat bakearekin eta normalizazio politikoarekin alderdiak duen konpromisoa berrestea izanen da. «Nafarroa jada oso aldaketa garrantzitsua bizitzen ari da: bake prozesua eta bortizkeria ororen amaiera. Prozesuaren bide orria Gernikako Akordioa da eta EAk bakea lortzeko karta guztiak jokoan ditu», dio alderdiak.

Nafarroan gobernu aldaketa gauzatzeko eta UPN boteretik kentzeko lana eginen duela berretsi du.«Justizia sozialaren aldeko aldaketa bultzatu nahi dugu; kalitatezko zerbitzu publikoen eta enpleguaren aldekoa; berrikuntzaren eta ikerketaren aldekoa; eta gure kulturaren aldekoa».

Nafarroa Bairi kritikak

EAJk eta Aralarrek Nafarroa Bai koaliziotik «bota» egin dutela berretsi du EAk. Hurrengo udal eta foru hauteskundeetara aurkezten den Nafarroa Baik ez duela koalizioa sortu zuten oinarriekin bat egiten salatu du. EAren irudikoz abertzale aurrerakoi eta ezkerrekoen batasuna bilatzen zuen Nafarroa Bai koalizioak, baina hausturarekin printzipio hura «galdu egin du koalizioak».

Nafarroa Bain gelditu diren bi alderdiek koalizioa euren alderdi interesak defendatzeko erabiltzen ari direla kritikatu du EAk. Alderdi abertzaleen arteko elkarlana hautsita, indar abertzaleen, aurrerakoien eta ezkerrekoen arteko ulermena indartzeko «modurik eraginkorrena» eurek egiten duten eskaintza sostengatzea litzatekeela dio EAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.