Eskaria betetzeko, alokairu apaleko 500 etxe egin behar lituzkete urtero Iparraldean

Kontseilu Nagusiak dio estatuaren esku hartzea gero eta eskasagoa dela; 1,2 milioi euroko funts gehigarri bat eskatu du

Etxebizitza eraiki berri batzuk Ahurtin, Lapurdin. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Gizartearen beharrei ihardesteko, urtero 500 etxebizitza sozial eraiki beharko lituzkete Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Kontseilu Nagusiak eman du datua. Christophe Martin etxebizitza alorreko arduradunaren hitzetan, ordea, gero eta engaiamendu apalagoa du estatuak, eta ezinbesteko jo du hark esku hartzea. Ez baita apaldu etxe horien eskaria. Peio Etxeberri-Aintzart etxegintza adituak argi adierazi du: «Azken hamabost urteotan, 8.000 eskari gelditzen dira bete gabe». Kasurik baikorrenean ere, urtero 500 gizarte apartamentu eraikita, hamarkadak beharko lirateke Iparraldean gaur egun dagoen eskariari buru egiteko.

Baiona-Miarritze-Angelu hirigunean etxe sozial bakoitzeko hamabost eskari daude. 6.200 familia daude zain. Ase gabeko eskarien kopurua emendatu da azken urteotan. Lehen Baionan, Angelun eta Miarritzen zeuden eskari gehienak; orain, kostalde osoan.

Harriari laguntza deritzon eskumena Kontseilu Nagusiari dagokio. Beharren arabera finkatzen du estatuak horretarako dirua: 2011n, 930.000 euro jarri ditu. Diru horren %60 esleitu du orain arte estatuak; ia guztia xahutu dute, eta soilik 180 apartamentu egin dituzte. Oraindik falta diren 400.000 euroak berehala esleitzeko eskatu dio Kontseilu Nagusiak Frantziako Gobernuari. Funtsa osoki baliatuz ere ez lukete lortuko esku artean dituzten xedeak betetzea. Horregatik, eskaria egin dio kontseiluak estatuari: emateko 1,2 milioi euroko funts erantsi bat. «Dagozkion ardurak bete behar ditu gobernuak, dauden xedeak burutzeko dirurik ematen ez badu areagotuko delako tentsioa», esan du Martinek. Etxebizitza sozialak egiteko erabilitako lau eurotik bakarra ezartzen du estatuak.

Eskari handiena kostaldean dago, eta estatuak agindu du lehentasunez eragiteko hor. Funts gehienak hor xahutzen dira, Bokale eta Hendaia artean, premia Ipar Euskal Herri osora zabaltzen ari bada ere. Turismoa nabarmen duen eremuan, arras ezberdina da errealitatea. Legeak dio bost etxebizitzatik bat soziala izan behar duela. Alta, kostaldeko hiri gehienek legea bete baino nahiago dute isuna ordaindu.

Baionak ongi betetzen du gaur egungo legea, etxebizitza sozialak baitira %26 inguru. Bestela gertatzen da elkargoko beste bi hirietan: Angelun %9,3 inguru dira, eta Miarritzen, % 7,4. Hiri elkargoak badu etxebizitzen plan bat abian iaztik; urtero mila apartamentu eraikitzea aurreikusten du, eta horietako 300 izatea sozialak. Hori gauzaturik ere, etxebizitza sozialen kopurua %12,7koa izanen litzateke Angelun, eta %8,9koa, Miarritzen. Hiru hirien batez bertzekoa %17,3koa izanen da, legeak agintzen duenaren azpitik, beraz. Miarritzeko errealitatea aldaezina dela uste dute, gainera; ez da gelditzen eraikitzeko lurrik, eta, etxebizitza sozialetan eragiteko, zaharberritze xedeetan eragin behar dute. Donibane Lohizunek ere isunak ordaindu behar ditu legea urratzeagatik.

Lurraren gainbalioa

«Arazorik larrienetarikoa eraikitzeko lurraren gainbalioa da; Donibane Lohizunen burutu dugun xede batean, lurraren gainbalioa 700.000 eurokoa zen, eta baldintza horietan, erakunde publikoek ez badugu gure gain hartzen horren kostua, etxebizitzen prezioak jasanezinak izango dira eta ez dira sartuko gizarte etxebizitzen definizioan», ohartarazi du Martinek. Lapurdiko kostaldearen erakargarritasuna gero eta handiagoa da, gero eta jende gehiago doa bertara bizitzera. Baina, aldi berean, gero eta gehiago dira Lapurdi barnealdera eta, zenbaitetan, Baxenabarrera doazenak. Eskariaren emendatzeak tentsio handiak eragiten ditu: lurraren prezioak gora egiten du, eta etxebizitza erostea edo alokatzea gero eta zailago egiten zaio jendeari.

Barnealdean ere «etxearen mitoa» baztertu behar dela dio Martinek, eta etxe bakartuak ugaltzea ekiditeaz gain, herri barneak indartu behar direla, biztanleen trinkotzea ahalbidetzeko. Jende gehiago bizi den tokietan zerbitzuak merkeagoak direla esan du, saltegi txikiak mantendu edo sortzen direla eta horrela tokiko ekonomi sarea ehuntzen dela. Bertze elementu azpimarragarri bat badago. Angelun, kasu, biztanle kopurua emendatu da azken urteotan, baina haurren kopurua, apaldu. Ondorioz, irakasle postuak galdu dituzte. Barnealdean, aldiz, ume kopurua emendatzen ari da. Guraso gazteek ezin dituzte kostaldeko etxeak ordaindu, eta merkeagoen bila joaten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.